Ordainpeko espantsioa zein oinarrizko jokorako hobekuntzak irailaren 26an iritsiko dira.

Cyberpunk 2077 etsipena izan zen askorentzat. CD Projekt RED taldearen jokoa hainbat akatsekin zein gabeziekin estreinatu zen 2020 bukaeran; garatzaileek, ordea, ez dute amore eman, eta titulua hobetzen jarraitu dute. Berritasun nabarmenenak Phantom Liberty espantsioarekin helduko dira: aurkituko ditugunak aditzera emateko bideoa argitaratu dute arduradunek.

Berrikuntza xumeenen artean arma, abilezia eta ibilgailu berriak ditugu. Orain arte ikusi gabeko diseinuekin jokoari gatza eta piperra emateko balioko dute. Iaiotasunak dira, zalantzarik gabe, interesgarrienak: aire bulkada, etsaiak pistolarekin automatikoki hiltzea zein granadak airean tirokatzea ahalbidetuko digute.

Ez hori bakarrik: joko hasieran lortuko dugun erlikiak —joko nagusiko protagonistetako bat— berezko abilezien zuhaitza eskuratuko du, V protagonistaren ahalmenak zeharo hobetzeko bidea eskainita.

Espantsioan zein oinarrizko jokoan gehituko dituzten ezaugarriak ere nabarmendu dituzte poloniarrek. 2.0 eguneraketak ibilgailu gaineko tiroketak ekarriko ditu azkenik; horrela, autoko leihotik edo motorretik tiroka ariko gara, baita arerioen autoak hackeatzen ere.

Poliziaren funtzionamendua eta jarrera berrikusi dute, gainera. Ahaztu bat-batean atzean teleportatzen zaizkigun poliziez: krimenak burutzen ditugunean deia jasoko dute guregana jotzeko, eta edozer egingo dute V harrapatzeko. Etsaien adimen artifizialak aldaketa esanguratsuak jasoko ditu borroka guztietarako.

Aipatutakoez gain istorio eta misio berriak gaineratuko ditu Phantom Libertyk; izan ere, Night City erraldotik atera, eta Dogtown herri arriskutsura joko dugu espantsioan. Gune berrian espioitza lanetan ariko gara, segurtasun handiko eraikinetan infiltratzen nahiz beste espioi eta profesionalak akabatzen.

Berritasun guztietan eta bestelako aldaketetan sakondu dute sortzaileek zuzeneko berezian:

Esandakoak ez dira jokoa orain ia hiru urte estreinatu zenetik argitaratutako aldaketa bakarrak izan. Orain urtebete kaleratutako 1.6 eguneraketak, adibidez, misioak, hobekuntzak, ezaugarriak eta bestelakoak gehitu zituen.

Cyberpunk 2077: Phantom Liberty ez da estreinatuko jatorrizko jokoaren plataforma guztietan. CD Projektekoek aurreko belaunaldiko kontsolak alboratzea erabaki dute; hori horrela, PlayStation 4 eta Xbox One gailuetan ezingo da espantsioan jokatu.

Beraz, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan argitaratuko dute Phantom Liberty. Irailaren 26an merkaturatzea aurreikusten dute, ez badugu atzerapenik ikusten behintzat.