Bi jokoak behar bezala prestatzeko denbora eskatu dute. Datorren urterako prest edukiko dituztela agindu du CD Projekt RED garatzaile poloniarrak.
Cyberpunk 2077 berriz atzeratu da. Oraingoan, belaunaldi berriko bertsioak berandutzea erabaki du CD Projekt REDek, The Witcher 3: Wild Hunt-en PlayStation 5-erako eta Xbox Series-etarako bertsio eguneratuarekin batera. Bi jokoak 2021 bukaeran merkaturatzeko asmoa zuten hasiera batean poloniarrek.
“Barkamena eskatu nahi dugu itxaronaldi luzeagatik, baina gauzak ondo egin nahi ditugu”, adierazi dute sareetan zabaldutako oharrean. Erabakia “bi jokoen garapenaz arduratzen dabiltzan taldeek egindako gomendioen ondorioz” hartu dute.
Rol joko futuristaren kasuan, 2022ko lehen hiruhilabetean kaleratzea espero dute. Cyberpunken garapen prozesua arazoz eta polemikaz betetakoa izan zen: hainbat atzerapen bizi ondoren, garatzaileek gehiegizko lan karga jasaten ari zirela salatu zuten.
Behin jokoa PC, PlayStation 4 eta Xbox One plataformetan kaleratu zenean, bertsio guztiak akatsez gainezka zeudela ikusi zuten jokalariek, era guztietako kritikak eraginez, azkenean diru itzultzeak agintzeko eta Sony-k jokoa PS Store-tik ateratzeko.
Joan den urte bukaeran iragarri zuten, bestalde, The Witcher 3: Wild Hunt Complete Edition; 2022ko bigarren hiruhilabetean estreinatuko dela jakinarazi dute azken oharrarekin.
Saber Interactive prestatzen ari den bertsio hau hainbat hobekuntzekin estreinatuko da bai kontsolen belaunaldi berrian, bai PCan: raytracing-a, karga denbora murriztuak eta gehiago agindu dituzte garatzaileek. Netflix-eko telesailean oinarritutako eduki gehigarri bereziak ere jasoko ditu bertsio honek. Doakoa izango da jatorrizko jokoa erosi zutenentzat.
Iruzkinak