2020ko bideojokoa eduki gehigarri zein eguneraketa guztiekin elkartuko duen edizioa da. PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da.

CD Projekt argitaletxeak Cyberpunk 2077 bertsio berria aurkeztu du. Ultimate Edition azpitituluarekin estreinatuko da abenduaren 5ean.

Ekarriko dituen berritasunek ez dute inor ezustean harrapatuko: cyberpunk zientzia fikziozko jokoan orain arte argitaratutako eduki guztiak bilduko ditu. Horrela, oinarrizko abenturarekin batera orain aste batzuk merkaturatutako Phantom Liberty espantsioa inplementatuta dakar.

Ez hori bakarrik: egungo eguneraketa txiki nahiz handi guztiak hasiera batetik ikusiko ditugu Ultimate Editionean.

Hau da, duela gutxi kaleratutako 2.0 adabaki erraldoiaren berrikuntzez eta hobekuntzez gozatu ahalko dute erabiltzaile berriek: ezaugarri berriak, moldatutako abilezien zuhaitza, hobetutako polizia sistema eta askoz gehiago gehitu zituzten.

Modu horretara, V eta Johnny Silverhand protagonisten “istorio osoa” eskaini nahi dute eduki bakarrean. Edizio fisikoa zein digitala izango du Cyberpunk 2077: Ultimate Editionek.

Jatorrizko bideojokoa arazo nabarmenekin merkaturatu zuten 2020an: errendimendu eskasa, akatsak… Oztopoz betetako garapen prozesuaren ondorio nabarmenak. Horrenbesterako hanka sartzeak, kontsoletako saltoki digitaletik kentzea erabaki zuela PlayStation-ek.

Horiek guztiak pixkanaka zuzentzen eta txukuntzen joan dira gaur egun balorazio onak lortu dituen bertsioa eratzeraino.

Edizio berria gaur egungo belaunaldiko plataformetan ikusiko dugu: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan, alegia.

Cyberpunk 2077: Ultimate Edition abenduaren 5ean estreinatuko da.