CD Projekt-eko garatzaileak PlayStation 5-erako eta Xbox Series-etarako bertsio natiboan ari dira lanean.
2022ko lehen hiruhilabeterako aurreikusten dira Cyberpunk 2077 ospetsuaren belaunaldi berriko bertsioak. PlayStation Game Size txiolariak argitaratze data are gehiago zehaztu du: otsailaren erdialdean edo martxo hasieran kaleratuko dela aurreratu du Twitter-eko erabiltzaileak.
Filtrazioan PlayStation 5a soilik aipatzen den arren, Xbox Series X nahiz S kontsoletarako bertsioak egun berean argitaratuko direla suposa daiteke. Aurrerapena irudi berri batekin azaleratu da, gainera: PlayStation 5erako eta Xbox Seriesetarako bertsio berri horren irudi nagusia izango litzateke.
Cyberpunk 2077ren jatorrizko bertsioa erosita dutenek doan jasoko dute belaunaldi berrirako jokoa. Hau bertsio guztiz natiboa izango da; izan ere, orain arte kontsola hauek erabilita abentura originalera jokatu zitekeen. Errendimendua hobetu, atal teknikoa edertu eta beste hainbat hobekuntza eta aldaketa ekarriko ditu CD Projekt RED garatzaile poloniarraren lan berriak. Gainera, jokoa luzatzeko balioko duten “espantsio erraldoiak” garatzen dabiltza.
Antzekoa gertatuko da estudioaren beste joko batekin: The Witcher 3: Wild Hunt-en Complete Edition deitutako bertsioa prestatzen dabiltza 2022ko bigarren hiruhilabeterako.
2020ko abenduan estreinatu zen jatorrizko Cyberpunk 2077. Akats eta arazo mordoarekin egin zuen; azken urteetako jokorik desiratuenetakoa izatetik kritikaz jositakoena bilakatzera igaro zen. PlayStation Store saltokitik jokoa ezabatu, diru itzultzeak eskaini eta bestelakoak gertatu ziren jokoarekin, arduradunek “bilatzen zuten kalitate maila lortu gabe” geratu zirela aitortu arte.
Horri buruz luze eta sakon hitz egin genuen Game Erauntsian pasa den urtean:
Iruzkinak