CD Projekt REDeko buruak egoera hori ekiditeko “alternatiba guztiak agortu” dituztela adierazi die langileei.
Azaroaren 19an kaleratuko du CD Projekt RED garatzaile poloniarrak zaleek horrenbeste itxaron izan duten Cyberpunk 2077. Jason Schreier Bloomberg aldizkariko kazetariak jakitera eman duenez, enpresaren arduradunek sei eguneko lan astea ezarri dute jokoa sasoiz prest egoteko.
Schreierrek adierazi duenez Cyberpunken langileek aste honetan Adam Badowski CD Projekteko arduradun nagusiaren mezua jaso dute. Bertan sei eguneko lan astea ezartzeko beharra aipatzen du: “gaurtik aurrera estudioa ahalik eta martxa bizkorrenean ariko da”.
Bideojokoaren azken bertsioa Sony eta Microsofti bidali dieten arren, oraindik akatsak zuzentzeko lan egin behar dute RPGaren garatzaileek.
Badowski egoerari buruz mintzatu da Twitter bidez. Azaldu duenez 2020an enpresak izango dituen irabazien %10a langileei zuzenduko zaie, aurreko urteetan egin bezala.
Schreierren txioari zuzenean erantzunez “datorren sei asteek bizitzako zati handi bat eskaini dioten proiektu baten azken esprinta suposatuko dutela” azaldu du Badowskik: “guretzat oso garrantzitsua da”.
Cyberpunken lanean ari den taldearen gehiengoak “ulertu egiten duen erabakia” dela aldarrikatu du. “Inoiz hartu behar izan dudan erabaki zailenetakoa izan da, baina talde osoari egindako aparteko lanordu guztiak sarituko zaizkio”.
Badowskik hartutako erabakiaren ondorio guztiak bere gain hartzeko prest dagoela azaldu du. “Badakit gehiegizko lan kargari buruz esan dugunaren kontrakoa egin dugula. Nik neuk pentsatzen nuenarekin ere talka egiten du, baina egoera hau ekiditeko alternatiba guztiak agortu ditugu”.
Crunch bezala izendatzen den gehiegizko lan karga ohikoa izaten da bideojokoen munduko ekoizpen handietan. Hala ere, crunch horiek ekiditeko lan egingo zutela ziurtatu zuten CD Projekteko arduradunek joan den urtean.
Enpresaren arduradunek aparteko lanordu horiek ordaindu egingo dituztela azaldu du Schreierrek, antzeko beste kasu askotan gertatzen ez den gauza dela nabarmenduta. Hala ere, Cyberpunken garapenean gehiegizko lan kargak izatea ez da inongo berritasuna: langile anonimo baten arabera azken urtean gauetan eta asteburuetan lanorduak sartu behar izan dituztela azpimarratu du kazetariak.
Cyberpunk 2077 azaroaren 19an estreinatuko da PS4, PS5, Xbox Series, Xbox One, PC eta Google Stadian.
Iruzkinak