Espantsioak bideojokoa argitaratu aurretik iragarriko dituela ziurtatu du CD Projekt Redek.

Adam Kiciński CD Projekteko presidenteak inbertitzaile poloniarren bilera batean adierazi duenez, “Cyberpunk 2077k ez du The Witcher 3k baino DLC gutxiago edukiko”. Horrela, prestatzen ari diren bideojokoarekin “The Witcherrek edukitako antzeko DLC egitaraua itxaroteko” azaldu du.

The Witcher 3k jasotako 16 doako DLCekin batera ordainpeko bi espantsio erraldoi argitaratu zituen CD Projekt Redek. Hortaz, Cyberpunkek antzeko gehigarriak jasoko dituela espero daiteke Kicińskiren adierazpenetatik.

Doako DLCen artean Joko Berria +, bost misio eta arma edo armadura berriak gehitu zizkioten The Witcherri. Hearts of Stone eta Blood and Wine espantsioek berriz istorio, pertsonai eta eszenario berriak gaineratu zizkioten Geralten bideojokoari.

Cyberpunken gehigarriei dagokienez, The Witcherrenekin gertatu bezala jokoa argitaratu aurretik iragarriko dituztela azaldu du CD Projekten presidenteak; Geralten jokoa estreinatu baino hiru hilabete lehenago iragarri zituzten 2015. urtean.

“Motibatuta”

RPGaren Playstation 5 eta Xbox Series Xko bertsioei buruz ere aritu dira bideojokoaren arduradunak. Cyberpunkek “behar bezalako next-gen bertsioa” jasoko du, baina ez dute “kontsola berriekin batera argitaratuko”. Xbox Onerako erosten duen jokalariek Series Xrako bertsioa jasoko dute, doan.

Cyberpunk 2077ren argitaratze data apirilerako aurreikusita zegoen arren, urte hasieran irailaren 17ra atzeratuko zutela adierazi zuten poloniarrek.

Koronabirusaren ondorioz CD Projekt Redekoek telelanari ekin diote, baina bideojokoa “irailean argitaratzeko helburua mantendu” egiten dutela azaldu du presidenteak: “motibatuta gaude eta hori lortzeko tresnak ditugu”.