Arkane Studios taldeak 2006an kaleratutako joko mitikoa konpontzea eta eraberritzea dute helburu. Steam bidez doan eskainiko da.

wiltOS Technologies mod sortzaile taldeak Dark Messiah of Might & Magic: Community Edition prestatzen jarraitzen duela baieztatu du. Komunitateak prestatutako mod erraldoiarekin 2006. urteko bideojokoa berpiztea bilatzen da.

Istorio oso interesgarria aurkitzen da CE honen atzean. Arkane Studios talde ezagunak garatutako bideojokoa Ubisoft-en babespean argitaratu zen bere garaian; aldi berean, Valve-n Source garapen motore ezaguna erabiltzen du. David Wiltos sortzaileak gidatutako taldeak Ubisoften zein Valven oniritzia eta babesa jaso ditu Dark Messiah of Might & Magicen lan egiterakoan.

2023an Ubisoft Montrealgo bulegoak bisitatu ondoren, “txeke zuria” jaso zuen Wiltosek jokoaren eraldatzeak edo modak prestatzera bideratutako tresnak garatzeko. Azken hiru urteotan, Source Engine SDK-ren (software development kit) bertsio zaharberritua prestatzen aritu dira, besteak beste, DMMM eraberritzeko helburuarekin: egileak azaltzen duenez, “Ubisoftek ez du inolako mugarik ezarri nahi izan”.

Zer ikusiko dugu, beraz? “Berpiztutako klasikoa”, diote: Source originalaren azken bertsioa erabilita berregin dute bideojoko osoa, atal grafikoa hobetuta —izpien trazadura gehitu dute eta guzti—, ideia berriak gehituta zein dozenaka mekanika zuzenduta. Galdutako edukiak, bizitza kalitate hobekuntzak, aginteentzako euskarria, lorpenak edo berritutako multijokalari modalitatea batuko ditu CE bertsioak.

Valven VScript erabilita, armadura, arma, joko mota, etsai mota, abilezia zuhaitz eta beste hainbat berrikuntza inplementatzea lortu dute: abentura modua, partida kooperatiboak nahiz The Trials of Kha-Beleth modalitatearen amaigabeko borrokak nabarmentzen dituzte, baita Joko berria + edo maila zein erronka gehigarriak ere. Aldi berean, kontsoletarako Dark Messiah of Might and Magic Elements bertsioak ekarritako berritasunak berreskuratu dituzte, lehenengoz PCan gaineratuta. Bukatzeko, prestatutako tresnak zale guztiei eskainiko dizkiete, Steam Workshop bidez sormen lanak partekatzeko aukera eskainita.

Lehen pertsonako ikuspegian jokatzeko immersive sim abentura prestatu zuten Arkanekoek DMMMrekin. Fantasiazko munduan girotuta, akzioa da nagusi, aldi berean erabateko askatasuna eskainita: ezpatakadaka, magia boteretsuak erabiltzen eta ostikoak banatzen ariko gara denetariko etsaien artean, Dishonored edo Prey bezalakoen aitzindari honetan.

Dark Messiah of Might & Magic “maite dutela” aldarrikatuta, urte luzeetako lana izan da Community Editiona osatzea. Laster ikusiko dugu, gainera: egileek urtea bukatu aurretik behin betiko bertsioa kaleratzeko asmoa aldarrikatzen dute. Berandutzea ere gerta daiteke, baina sei urte baino gehiagoko lana bukatzear dute, zalantzarik gabe.

Nola eskuratu daiteke? Joko originala erosita: Community Edition dohainik eskuratu ahalko da Steam orrialdetik. Mod joko bezala gehituko zaigu liburutegira, Dark Messiah originala eta CE desberdinduta.

 

Arkane, desagertzear

Dark Messiah berpiztear dagoela ospatzen gabiltzan aldi berean, bere sortzaileak desagertzear daude. Xbox-en “berrabiatze handiko” salerosketetako bat Arkanena izan beharko litzateke; tamalez, estudioak ez du eroslerik aurkitzen.

Syndicat des Travailleureuses du Jeu Vidéo sindikatuak salatu duenagatik, Microsoft bera ibili da estudioa oztopatzen, barnean hainbat oztopo eta traba jarrita: langileak kontratatzerakoan arazoak eduki dituzte Arkanen, itxura batean, Microsoftengandik. Berandutzeak, aurrekontu aldaketak… denetarikoak ikusi dituzte azken urteotan, taldearen bideragarritasuna kolokan jarrita, eta, aldi berean, salmenta posible bat mugatuta.

“Arkane Studios porrota ezagutu gabe desagertu daiteke”, diote STJV sindikatutik, Microsoften erabaki “zentzugabeak” eta “errespeturik gabeko jarrera” salatuta. Beren azken bideojokoa, Blade, modu egokian aurreratzen ari direla aldarrikatzen dute bai estudioko kideek, bai STJVkoek.

Hori horrela, Microsoftekoei estudioa ixtea irekita mantentzea baino garestiagoa aterako zaiela diote langileek. Beste enpresa baten bilaketan Microsoften babes osoa jasotzeko, STJVtik hainbat kalte ordain eta negozioaketetarako babes eskatzen dituzte, salmenta bideratzeko ezinbestekoak izango direla aipatuta.