Halo saga, Rare eta World’s Edge Activision-en menpe geratu dira, Turn 10 eta Playground Games batu egin dituzte, eta Obsidian Bethesda-ren aterpera igaro da.

Xbox taldeak “berrabiatze” handiaren bigarren pausoa aditzera eman du. 268 langile kaleratuko dituzte, bidean estudio desberdinak berregituratuta, edo, zuzenean, deseginda.

Prentsa oharrean azaldu dutenagatik, kanporatzeak Halo Studios-ko, Xbox Games Studios-ko beste taldeetako zein kudeaketa arloetako langileen baitan baieztatu dituzte. Oraindik ez dutela bukatu aurreratzen du, gainera, Matt Booty Xboxen presidenteak: uztailean abiatutako berregituratze erabakietatik “hiru laurden” bete dituztela dio.

Estudioetan aldaketa handiak ikusiko ditugu. Activisionek hainbat proiektu handi bereganatuko ditu: hasteko, Halo berri batean lan egingo dutela aurreratu Bootyk, Call of Duty-tik aldenduko den talde berria eratuta estudioaren baitan. Halo Studios talde txiki batera mugatuko dela dirudi, Haloren komunitatea eta egungo bideojokoak elikatzeko asmoarekin.

 

Lekualdaketak

Gainera, Rare zein World’s Edge (Age of Empires) estudioak Activisionen aterpean geratzen dira. Obsidian, bestalde, Bethesdaren menpe geratuko da; azaldu dutenagatik, oraingo proiektuekin aurrera egingo dute Obsidianekoek, Grounded garatzen jarraituta, baina, Bethesda Game Studios-ekin elkarlanean, Fallout berria sortzen ariko dira etorkizunean.

Turn 10 eta Playground Games, hau da, Forza zein Forza Horizon lasterketa jokoen arduradunak, hurrenez hurren, bateratu egingo dituzte Xboxetik: helburua Forza zein Fable berriei ekitea da. Bukatzeko, King markak Microsoft Casual Games barneratuko du, joko kasualak edo zerbitzu erako tituluak garatzen jarraitzeko.

 

Aurretik ere, desegiten

Abuztuan Xboxek askatutako edo saldutako taldeak aitatu dituzte. Compulsion eta Double Fine estudioek independentzia osoa bereganatu dutela gogoratu dute, berezko IP edo frankizia guztiak mantenduta. Undead Labs ere marka berriaren babespean dago orain, independizatuta. Arkane da zalantza handia: urte bukaerarako erabaki bat hartuko dutela diote.

Ninja Theory arriskuan da, azkenik: eroslerik gabe, estudioa osorik desegiteko arriskuan dago —Hellblade ekainean iragarri ondoren—: diotenagatik, bi akordio bertan behera geratu dira erosleekin, eta estudioko langileekin itxiera negoziatzen hastea da hurrengo pausoa, ez bada beste biderik aurkitzen.

Asha Sharma Microsoft Gaming dibisioaren arduradun nagusiak uztailean iragarri zuen Xboxen berrabiatzea. Urte fiskala bukatu aurretik 3.200 langile kaleratuta, Xbox osorik berregituratzea da asmoa.