Jason Blundell Call of Duty Zombies jokoen arduradun nagusiak gidatuko du. Lehen bideojokoa prestatzen dabiltza dagoeneko.
Dark Outlaw Games PlayStation Studios lantaldeko estudio berria da.
Jason Blundell da Dark Outlawen arduradun nagusia. Aldez aurretik Call of Duty sagan lan egindakoa da; zehazki, Treyarch estudioak kudeatutako Zombies azpiataletako burua izan zen Blundell. Hamahiru urteko ibilbidea bete zuen Activision-en, 2020an alde egin, eta, 2021ean, Deviation Games taldea sortzeko.
Bertan prestatzen zebilen jokoa ezagutu gabe geratu gara azkenik: PlayStation kontsoletan esklusiboki estreinatu behar zen IP guztiz berria garatzen ari ziren, baina estudioa 2024. urtean itxi zuten, hainbat kaleratzeren ostean.
Dark Outlaw hutsetik hasi da bideojoko berriaren garapenarekin. Hala ere, sormen prozesua abian dela dio Blundellek Jeff Gerstmann-en podkastean: “Ilunpean daramagu lanean aspalditik, erakusteko zerbait daukagunean azaleratuko gara”.
Izan ere, PlayStationek ez du estudio berria ofizialki iragarri oraindik. Arduradun nagusiak dagoeneko baieztatu duenez, laster egitea espero da; bestela, eratzen dabiltzan bideojokoaren iragarpen ofizialarekin batera ikus genezake taldearen aurkezpena.
Zuzendariaren ibilbidea ezagututa, suposatzekoa da multijokalarira bideratutako tiro jokoan lan egiten ari direla. Dena den, Dark Outlaw Gamesen proiektua misterio hutsa da oraindik.
Bestalde, PlayStation Studiosen zenbait estudioren itxiera ikusi dugu azken urteotan: Firewalk Studios eta Neon Koi desagerrarazi dituzte, esaterako.
Iruzkinak