Mugak kendu, eta hiltzerakoan edo buruzagiak gainditzerakoan jokalarien arteko loturak jarraitzea ahalbidetzen du DS3 Seamless Co-op eraldaketak PCan.
FromSoftware estudioaren bideojoko klasikoetara itzultzeko aitzakia berriak jasotzen jarraitzen dute zaleek. Dark Souls 3k mod benetan interesgarria jaso berri du: abentura osoan adiskideekin aritzeko aukera gehitzen duen eraldaketa kooperatiboa kaleratu du Yui sortzaileak.
Dark Souls 3 Seamless Co-op deitzen da. Hau entzunda, asko Elden Ring-en Seamless Co-op ezagunari begira jarriko dira, eta, bai: garatzaile beraren mod berria da. Elden Ringekin egindakoa errepikatzera dator, beraz.
Abenturaren online muga guztiak ezabatzen ditu eraldaketak; hau da, oztopoz betetako funtzionalitateak askatu, eta lagunekin nahi beste jokatzea ahalbidetzen digu. Ez baduzue soulsborne jokoren bat sareko ezaugarriekin sekula probatu, kooperatiboan zein PvPan aritzerakoan denetariko harresi birtualak sortzen dira: ezin dezakegu jendea edozein tokitan inbokatu, ezin gara gabiltzan gunetik atera, bertako buruzagia akabatzerakoan partida kooperatiboa bukatzen da…
Eraldaketarekin “joko osoa muga hauek gabe lagunekin jokatzea ahalbidetzen da”, dio egileak. Tutorialetik abiatuta azken etsai nagusiraino, abentura osoa kooperatiboan gainditzea posible izan beharko litzateke.
Jokalarietako bat hiltzerakoan, hortaz, ez da partida bukatuko: horren ordez, atseden hartutako azken sutzarrean agertuko da —buruzagien aurkako borroketan linbo bezalakoan harrapatuta egongo dira—. NPCekin egindako hizketaldiak sinkronizatuta egongo dira jokalarien artean, egindako aurrerapen guztiak erabiltzaile guztien benetako munduan gordeko dira… eta DS3ren peer-to-peer funtzionalitateak Steam-en APIagatik ordeztu dira.
Onena? Bost lagun elkarrekin ari daitezkeela. Ez hori bakarrik: nahi izanez gero, inbasioak desaktiba daitezke, jokalari etsaien erasoak saihestuz.
Egileak azpimarratzen duenez, moda erabiltzeak ez zaitu jokoaren zerbitzarietatik kanporatuko. Guztiz segurua ei da, FromSoftwaren zerbitzarietatik kanpo funtzionatzen baitu.
Instalazioa erraza eta sinplea da: NexusMods webgunean aurkituko ditugun pausoak jarraitzea bestetik ez dago. DS3ren Steameko bertsioarekin soilik funtzionatzen du Seamless Co-opek, eta ezingo gara konexiorik gabeko moduan egon erabiltzerakoan.
Iruzkinak