From Software-n frankiziako kontsoletako online zerbitzuak aktibatuta jarraitzen du.

Bandai Namco-k jakitera eman duenez, oraindik ez dituzte Dark Souls frankiziako jokoen zerbitzariak irekiko PC-an. Orain egun batzuk segurtasun arazoak dituztela nabarmendu zuten saga ezagunaren arduradunek; hori dela eta, Dark Souls —Prepare to Die Edition zein Remaster—, Dark Souls II eta Dark Souls 3 jokoetako online zerbitzuak itxi zituzten.

Sare sozialetan zabaldutako mezuan adierazi dutenez, Elden Ring kaleratu ondoren zerbitzuek bertan behera jarraituko dute.

Segurtasun arazo horiek, zehazki, urrutiko kodearen exekutatzeari (RCE, ingelesez) lotutakoak dira. Kode hauen bidez hackerrek beste jokalarien ordenagailuak eraso ditzakete,erabiltzailearen baimenik gabe nahi duten kodea exekutatzeko. Hori horrela, ordenagailuaren kontrol guztia lor dezakete.

Kode honen erabilpena aspalditik ezagutzen zuten jokoen zaleek: Elden Ringekin gauza bera gerta daitekeen beldurrez, garatzaileen arreta erakartzeko Twitch-eko zuzenekoetan erasoak egitera jo zuten erabiltzaile batzuek.

Arazoa “identifikatuta” dutela aldarrikatu dute, eta dagoeneko konpontzen dabiltza garatzaileak. Zuzenketak eta probak egin bitartean itxaroteko eskatu diote komunitateari; segurtasun neurri berriak ezarri ondoren irekiko dituzte zerbitzariak.

Bandai Namcokoak egiten dabiltzan ikerketa Elden Ringeraino iritsi dela diote mezuan: “Ikerketa Elden Ringera zabaldu dugu eta titulu honetarako segurtasun neurri guztiak inplementatu direla ziurtatu gara”. Hortaz, Dark Soulsetan inplementatzen dabiltzan zuzenketa dagoeneko joko berrian gaineratu dutela uler daiteke.

Jarraitzaileei adi egoteko eskatu diete, dena den. Dark Soulsetako zerbitzariak berrabiarazten dituztenean sare sozialen bidez iragarriko dutela azaldu dute japoniarrek. Bitartean, trilogiaren kontsoletako bertsioek arazorik gabe jarraitzen dute: online jokatzea posible da horietan.