DS2: Scholar of the First Sin-eko zerbitzariak abiatu ditu berriz Bandai Namco-k bederatzi hilabetez itxita egon ondoren.

Berri txarrak Dark Soulsen PCko jokalarientzat. Urte hasieran hiru bideojokoen zerbitzariak itxi zituzten Bandai Namcoko arduradunek. Segurtasun arazoak konpontzeko asmoarekin egin zuten, ondoren berriz abiatuko zituztela aginduz; zoritxarrez, ez da horrela gertatuko Dark Souls: Prepare to Die Edition originalarekin. Japoniarrek aditzera eman dutenez, behin betiko itxiko dituzte zerbitzariak.

“2012an kaleratutako Dark Souls: Prepare to Die Editionen PCko bertsioko online zerbitzuak ezingo ditugula mantendu erabaki dugu”, adierazi dute sare sozialetan. Azalpen sakonik eman gabe, jokoak erabiltzen duen “sistema zaharraren” ondorioa dela azpimarratu dute Bandaikoek.

Hortaz, ezingo ditugu jokoaren online baliabideak erabili: mezuak, partaidetzak zein inbasioak desgaituta geratuko dira —komunitateak mod bidez konponbidea aurkitzen ez badu, behintzat—. Nola ez, erabakiak haserrea piztu du jokalariek komunitatearen artean. Esan bezala, orain bederatzi hilabete online zerbitzuak berrezarriko zituztela agindu zuten arduradunek; hori horrela, eragindako sumina ez da harritzekoa.

Izan ere, joko berberaren Remastered birmasterizazioa gailenduko dela diote garatzaileek: “Dark Souls Remastereden online zerbitzuen berrezarpenean lan egiten jarraitzen dugu”. Birmasterizazioak hainbat hobekuntza gehitzen dituen arren, joko originalaren estetika eta atal grafikoa zapuzten dituela uste dute jokalari beteranoenek.

Hala ere, gaur egun salmentan dagoen bertsio bakarra da birmasterizazioa. Horregatik, bertsio zaharra alboratu eta etekinak eskaintzen dituen jokoan ardaztea erabaki dutela uste dute askok.

Bestalde, trilogiako beste bideojokoen online zerbitzuak aktibatu dira. Abuztuan berrezarri zituzten Dark Souls III-ren zerbitzariak; orain, Dark Souls II: Scholar of the First Sin bertsioan online aritzeko baliabideak berriz inplementatu dituztela adierazi dute sortzaileek. Horrela, gaurtik aurrera berriz lagunekin zein aurkariekin ibil gaitezke bigarren atalean.

Dark Souls II originala ere aipatu dute: dirudienez, honen sareko baliabideak etorkizunean berrezarriko dituzte. Nabarmentzekoa da kasu hau DS originalaren antzekoa dela; jatorrizko DSII ez da saltzen Steam saltokian, SotFS soilik eskura daiteke gaur egun.