Fantasia iluneko rol abenturaren berritasunak aurkeztu dituzte Red Hook Studios-eko garatzaileek. Gaur hasiko dute early access fasea Epic Games Store saltokian.
Darkest Dungeon bikainaren jarraipena argitaratu baino lehen, sarbide goiztiarra hasiko dute Red Hook Studiosekoek. Fase honetan prestatu dituzten ezaugarriak ezagutzera emateko trailer berezia sortu dute RPG abenturaren garatzaileek, Road of Ruin izenpean.
Gaur bertan abiaraziko duten sarbide goiztiar faseak Darkest Dungeon II-ren lehen atala eskainiko du; bertan, pertsonaia mota guztiak ezagutu eta erabiltzeko aukera edukiko dute jokalariek.
Prestatutako bideoak atal grafiko eraberritua osotasunean ikusteko aukera eskaintzen du. Lehen bideo-jokoa bi dimentsiotako spriteak erabilita sortu zuten, baina bigarrenean hiru dimentsioetara igaro dira Red Hookekoak; hori bai, estetika ilun eta berezia mantendu egin dute, sekulako itxura eratuta.
Herrixka bakarrean girotu beharrean, bigarren abenturan gurdi gainean ariko dira heroiak. Garatzaileek “madarikatuen roguelike bidaia” izena jarri diote mekanika honi: hainbat gune bisitatuko dira partida bakoitzean, ziegak eta tenplu beldurgarriak barne, eta ohi bezala misio desberdinak betetzen joan beharko da pertsonaien bizia mantendu zein erotasuna saihestu bitartean. Munstroak ikusi eta hauen erasoak jaso ahala sena galtzen joango dira heroiak; ohikoena zoratzerakoan dena galdutzat ematea da, baina batzuetan beldurrei aurre egin eta are indartsuagoak egingo dira.
Bidaian aurrera egin ahala, heroien arteko harremanak sendotzen —edo apurtzen— joango dira. Jokalarien lana izango da harreman hauek kudeatzea, taldearen suntsipena ekiditeko. Guztira bederatzi heroi mota desberdin egongo dira: hauek abilezia desberdinak ikasiko dituzte, bai aktiboak, bai pasiboak, aukera mordoa eskainita.
Bost orduko iraupena agintzen dute bidaia bakoitzerako garatzaileek; bizirik jarraituz gero, irabazitako esperientzia eta abileziak hurrengo bidaiarako gordeko dituzte heroiek.
Esan bezala, sarbide goiztiarra gaur abiaraziko dute: Epic Games Store saltoki bidez hasiko dute. Dagoeneko jokatu ahalko den arren, Red Hookek ez du zehaztu Darkest Dungeon II-ren argitaratze data.
Iruzkinak