Red Hook Studios-ekoen fantasia iluneko RPG abentura bi dimentsioetatik hiru dimentsioetara igaroko da jarraipen honetan.
Urriaren 26an sartuko da sarbide goiztiarrean Red Hook Studios prestatzen ari den Darkest Dungeon II interesgarria. Epic Games Store plataformaren bitartez frogatu ahalko da oraindik argitaratze datarik gabe dagoen abentura.
Hori horrela, arduradunek ez dute zehaztu nahi izan sarbide goiztiarraren iraupena. Lehenengo jokoaren oinarriekin jarraituko dute DDII-n, baina aldaketarik handiena motor grafikoaren aldetik etorriko da: erabiliko duten tresna berriarekin bi dimentsioak alboratu eta bere osotasunean hiru dimentsioetan eratutako bideo-jokoa prestatzen ari dira.
Fantasia iluneko RPG abentura izango da Darkest Dungeonen jarraipena, roguelite elementuekin. Txandakako borrokak biziko dituzte jokalariek ziegak, kobazuloak eta bestelako kokaleku ilunak zeharkatzen dituzten bitartean. Lau pertsonaiekin osatutako taldeak eratu beharko dituzte: bakoitzak bere maila, ahalmenak eta bestelako ezaugarriak izango ditu, eta horiek hobetzen joango dira gero eta abentura gehiagotan parte hartuz gero.
Hori bai, hauen zentzutasuna zainduz joan beharko da. Gero eta une latzagoak eta beldurgarriak bizita sena galduz joango dira pertsonaiak, zoratzera iritsi arte. Hori ez gertatzeko abilezia eta objektu bereziak egongo dira, baina noizean behin herrixkan atseden hartu beharko dute esplorazio lanetan dabiltzala misio guztia zapuztea ekiditeko.
Sarbide goiztiarrean erabilgarri egongo den pertsonaia mota berria aurkeztu dute Red Hookekoek: The Runaway edo iheslaria. Taldearen aurrealdean jartzeko borrokalari mota aproposa izango da, baina edozein unetan ihes eginda atzealdera mugitzeko aukera edukiko du ezkutatu eta indarrak berreskuratzeko.
Darkest Dungeon II Epic Games Store saltokiko esklusiboa izango da, hasiera batean behintzat. Ikusteko dago beste plataforma batzuetan argitaratuko duten, lehen bideo-jokoa kontsoletarako ere merkaturatu baizuten.
Iruzkinak