Ice-Pick Lodge indie estudioa arduratuko da oraingoan ikuspegi zenitaldun titulua garatzeaz: originalaren Acid Wizard taldeak aholkularitza lanak hartuko ditu.
Hooded Horse argitaletxeak Darkwood indie altxorraren jarraipena aurkeztu du. Darkwood II PCan estreinatuko da, oraindik iragarri gabeko datan.
Sobietar Batasunaren amaieran kokatuko gaitu istorioak oraingoan: zehazki, Aral itsasoan. Originalean jokatu zutenek ondo ezagutuko dutenaren antzeko basoak irentsi du, baina inork ez daki nondik iritsi den. Gizadia galtzen doan heinean, basoko bihotzak baino ez dauka erantzuna.
Aurreko Darkwooden antzeko proposamena mantenduko dela ikus daiteke iragarpen bideoan: ikuspegi zenitalarekin, ingurune ilunetan zehar ariko gara esploratzen, baliabideak biltzen, artisautza lanak egiten, eta, orokorrean, bizirauten. Gauak igarotzeko beharrezko elementuak batu beharko ditugu, baina, munstroak eta bestelako izakiak agertuko diren uneak baitira.
Zeharkatuko dugun mundua eraldatzen joango garela aipatzen dute egileek, hartutako erabakiek denetariko ondorioak eragingo baitituzte: ezagutuko ditugun pertsonekin eta izakiekin harremanak sortuko dira, baina aurkitzeke dauden objektuek ere bide berriak irekiko dizkigute.
Garatzaile desberdina ikusiko dugu oraingoan. Pathologic frankizia ezagunaren arduradunak dabiltza bigarren Darkwoodekin: Ice-Pick Lodge taldekoak, alegia. Originala sortu zuten Acid Wizard Studio indie taldekoek aholkularitza lanak egingo dituzte baieztatu dute argitaletxekoek.
Jatorrizkoarekin jarraituz, kultuzko obra bilakatu den horietakoa da Darkwood. Steam plataformako beldurrezko abenturarik onenen artean kokatzen da, jokatu dutenengandik balorazio apartak eskuratuta.
Darkwood II PCan estreinatuko da etorkizunean.
Lander Unzueta
Iruzkinak