Fantasia iluneko AAA abentura prestatzen dabiltza sortzaile beteranoak. Oraindik ez dauka argitaratze datarik, baina PCrako kaleratuko dute, hasteko.
Rebel Wolves garatzaile taldeak lehen proiektuaren izen ofiziala aditzera eman du. Dawnwalker deituko da The Witcher edo Cyberpunk 2077 jokoetan lan egindako sortzaileen titulua.
Euren ibilbidea ezagututa, zelan ez, Dawnwalker RPG titulua izango dela baieztatu du Konrad Tomaszkiewicz —Cyberpunk 2077ren zuzendaria eta ekoizlea— eratutako estudio berriak. Zehazki, “fantasia iluneko AAA abentura” prestatzen dabiltza.
Izena iragartzearekin batera lehen arte kontzeptuala ere argitaratu dute. Jauzi egiten edo zerutik erortzen ari den soldadua ageri da bertan, ezpata eskuan daramala. Estudioa osatzerakoan aipatu zutenez, obra “PCko rol jokoen Grial Santua izatea” bilatzen dute.
Unreal Engine 5 garapen motoreaz baliatuko dira Dawnwalker sortzeko. Rebel Wolves orain urtebete aurkeztu zen ofizialki: esan bezala, CD Projekt RED estudio poloniarrean lan egindako garatzaileek osatzen dute. The Witcher guztietan aritutako Bartłomiej Gaweł izango da, esaterako, arte zuzendaria; Geralt-en abenturetan nahiz Night City-n misioak diseinatzen ibilitako Mateusz Tomaszkiewicz sormen zuzendaria da, berriz.
Oraingoz Dawnwalkerri buruz gehiago jakiteko itxaron egin beharko dugu; izan ere, egileek ez dute kaleratze datarik baieztatu. Gauza bera gertatzen da plataformekin: badakigu, gutxienez, ordenagailuetan argitaratzeko asmoa daukatela.
Iruzkinak