TOEM 2 edo Duck Detective: The Ghost of Glamping ezagutu, eta Hyper Light Breaker itxurosoaren argitalpen data ezagutu ditugu.

Urteko azken egunak berotzera etorri zaizkigu indie estudioetako arduradunak. Day of the Devs zein Wholesome Snack: The Game Awards Edition ekitaldiak jarraitzeko aukera eduki dugu, obra independenteei lotutako hainbat ezusteko utzita.

Joko atseginen ekimenak ordu erdi pasatxoko aurkezpena utzi zigun. Izar handia TOEM zoragarriaren jarraipena izan zen: TOEM 2n argazkilaritza lanetan jarraituko dugu. Something We Made taldeak estetika eta oinarri berberak mantenduko ditu, 3D elementuak areagotuz, baina sprite ederrak eta girotzea errespetatuz.

Aurrerapen txikia baino ez ziguten eskaini: ez dakigu noiz kaleratuko duten, baina oraingoz PCrako baieztatu dute.

Snukfin: Melody of Moominvalley Fuddler’s Courtship eduki gehigarriaren argitalpen data jakin dugu, gainera: abenduaren 17an iritsiko da Mumin izakitxo ezagunen istorioetan oinarritutako bideojokoaren DLCa. Titulu originala puzzlez betetako RPGa bazen ere, eduki gehigarriak nobela bisual kutsua edukiko du, arte ederrarekin.

Duck Detective goraipatuaren jarraipena ere ikusi genuen Wholesomekoenean. The Ghost of Glamping izenarekin, aurreko atalaren ikerketa proposamena hobetzeko eta handitzeko asmoarekin dator. Ahate detektibearen rola jokatuko dugu krimenak argitzeko.

Abentura motza izango da berriz, “2 edo 3 orduko iraupenarekin”, Happy Broccoli Games-en arabera: PCan jokatu ahalko dugu 2025ean.

Ustekabeko shadowdrop edo argitalpenak jaso genituen, bukatzeko: Naiad esplorazio eta puzzle abentura ederra kaleratu du jadanik HiWarp estudioak. Ibaiak igerian zeharkatuko ditugu bertako bizilagunak ezagutzeko.

Estetika aldetik ikustekoa da: margolan erako obra benetan polita da. PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan zein PCan joka dezakegu.

Day of the Devsekoenera igarota, Double Fine eta Iam8bit argitaletxeek antolatutako zuzenekoan Hyper Light Breaker ikusi genuen berriz, azkenik sarbide goiztiarraren merkaturatze data jasotzeko: urtarrilaren 14an argitaratuko da Hyper Light Drifter maitatuaren unibertsoan girotutako akziozko roguelike itxurosoa.

Bakarka zein online gainditzeko proposamena dakar. Hautatzeko hainbat heroi edukiko ditugu, eta beraiekin mundu zabala esploratzeari ekingo diogu; etorkizunean, baina, are pertsonaia eta toki gehiago gaineratuko dituzte Heart Machine estudiokoek.

Recur puzzle abenturak begirada guztiak erakartzea lortu zuen bere atal grafiko zoroarekin. Postari batean bilakatuko gara apokalipsiari aurre egiteko: eraldatzen doan hirian barneratu beharko gara, era guztietako oztopoak aurkituz. Jokatzeko itxaron egin beharko dugu, tamalez: 2026an argitaratuko du Kaleidoscube-k. PCrako, oraingoz.

Neon Abyss 2rekin bukatuko dugu: 2020ko indie arrakastatsuaren jarraipenak run and gun erako roguelike erronkak proposatuko dizkigu berriz. Tiroketak zein duelu bizkorrak ikusiko ditugu pixel art grafiko zoragarriekin. Steam saltokian aurkituko dugu datorren urtetik aurrera.

Joko ugari aurkeztu ditugu, baina ez dira bakarrak izan. Day of the Devs zein Wholesome Snack aurkezpenek askoz gehiago utzi dizkigute: Crescent County, Curiosmos, TankHead, Faraway eta beste hainbat aurkituko ditugu euren zuzenekoetan. Hor bideoak: