Bend Studioren lana PlayStationen eskutik ordenagailuetan kaleratzen den bigarren jokoa izango da, Horizon Zero Dawnen ostean.
Otsailean Jim Ryan PlayStationeko buruak ia nahi gabe baieztatu zuen 2019an kaleratutako PlayStation 4ko Days Gone esklusiboa PCra eramango zutela. Orain, Sonykoek ordenagailuetako bertsioaren argitaratze data zehaztu dute: maiatzaren 18an kaleratuko da Steam eta Epic Games Store saltokietan, jatorrizko bertsioan ikusi ez ziren hainbat hobekuntzarekin batera.
Horiek nabarmentzeko PCko bertsioaren lehen trailerra igo dute PlayStationekoek. Bertan agertzen denez 21:9ko formatua erabiltzen duten monitore ultra-zabalentzako euskarria izango du Bend Studioren abenturak; nola ez, mugarik gabeko segundoko irudi tasa aukeratzea ahalbidetuko dute PCan gainera.
Horiekin batera xehetasun maila handiagoa izango du jokoaren atal grafikoak: elementu gehiago, kalitate handiko hostotza eta marrazketa distantzia handiagoak izango ditu Days Gonek PCan, guzti horiek nahierara konfiguratzeko aukerarekin.
Aginte desberdinentzako euskarria ere agindu dute garatzaileek: ohiko Xinput aginteekin jokatzeaz gain PlayStationeko zein Switcheko aginte ofizialekin ibili ahalko da Bend Studioren obrara aparteko programarik instalatu gabe. Bukatzeko, Joko Berria +, argazkiak ateratzeko aukera eta erronka zein biziraute joko motak gehituko dizkiote orain arte PlayStationeko esklusiboa zenari.
Ryanek otsailean adierazi zuenez "dagoeneko argitaratutako lanak PCra eramatea gero eta errazagoa da". Hori horrela, Horizon Zero Dawn eta Days Gonen ostean PlayStationen are bideo-joko gehiago ikusiko dituzte jokalariek ordenagailuetan.
Esan bezala, Days Gone maiatzaren 18an estreinatuko da Steamen eta Epic Games Storean.
Iruzkinak