Azken ordainpeko eduki gehigarria izango da. Bioma, arerio eta etsai nagusi berriak gehituko dizkio roguelike mekanikadun metroidvania abenturari.

The Queen and the Sea deitutako eduki gehigarria Dead Cells bikainaren espantsioen trilogia bukatzera dator. Motion Twin estudio independenteak trailer batekin aurkeztu du 2022ko lehen hiruhilabetean PC, PS4, Xbox eta Switch plataformetan kaleratuko duen DLC-a.

The Bad Seed eta Fatal Falls estreinatu ziren antzeko egunetan iritsiko da beraz The Queen and the Sea: aurreko bi espantsioak 2019ko eta 2020ko lehen hilabeteetan merkaturatu zituzten. Aurrekoak bezala, ordainpeko espantsio handia izango da azkena.

Hori horrela, ekarriko dituen berritasunak esanguratsuak izango dira. Trailerrarekin baieztatu dutenez, bi bioma gehituko ditu DLCak: Infested Shipwreck eta Lighthouse; batek berezitasun propioa eduki du gainera. Nola ez, hauetan etsai berriekin topo egingo dute jokalariek, baita final boss arriskutsua ezagutu ere.

Arma eta ekipamendu berria prestatu dute guzti horrekin batera. Bukatzeko, jokoarentzako amaiera guztiz berria ekarriko du espantsioak: aurreko bi ordainpeko DLCtan ikusitako bideari bukaera emango diote.

Dead Cellsera jokatzen jarraitzen dutenek ondo jakingo dute ordainpeko eduki gehigarriak baino askoz gehiagotan lan egiten dutela garatzaileek.

Jokoa 2018an argitaratu zutenetik doako DLC mordoa sortu dituzte, askotariko edukiak gaineratuta: azkena orain egun batzuk zabaldutako Everyone is Here! deitutako eguneraketa izan da. Horrekin beste hainbat indie jokoetako pertsonaiak, armak eta bitxikeriak sartu dituzte metroidvania abenturan: Hollow Knight, Blasphemous, Hyper Light Drifter —euskaraz joka daitekeena, bide batez—Guacamelee eta beste hainbat erreferentziak aurkituko dituzte jokalariek.

The Queen and the Sea kaleratu ostean doako eguneraketa horiek prestatzen jarraituko dutela ziurtatu dute Motion Twinekoek; “gutxienez beste urte batez” jarraitzeko asmoa dute.

Dead Cells PCan, PS4an, Xbox Onean zein Switchean eskura daiteke; gailu mugikorretarako bertsioa ere badago, baina azken espantsio hauek ez dituzte bertan kaleratuko, momentuz behintzat.