Oztopoz betetako bederatzi urteko garapen prozesuaren ondoren argitaratze data astebete aurreratu dute.
Dead Island 2 uste baino lehenago jasoko dugula ezagutzera eman dute Deep Silver argitaletxetik. Apirilaren 21ean kaleratuko da PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One kontsoletan zein PC-an, azken honetan Epic Games Store bidez.
Argitaratze data ezagutzen genuen dagoeneko, baina arduradunek aldatzea erabaki dute, eta onerako gainera: printzipioz apirilaren 28rako aurreikusita zegoen, eta azkenean astebez aurreratu dute estreinaldia.
Dambuster Studios taldeak garatu duen arren, proiektua Yager estudioaren eskutik abiatu zen 2012an. Lau urte beranduago, ordea, Sumo Digital-ekoen esku geratu zen: atzerapenak eta arazoak nagusi, Deep Silverrekoek estudioz aldatzea erabaki zuten.
Sumokoekin ere antzeran ibili ziren, zoritxarrez: 2019an Dambusterrek —aurretik Free Radical Design eta Crytek UK izenak izan dituzte— hartu zuen bideojokoa sortzeko ardura. E3 2014 azoka jarraitu bazenute, iragarpen trailer ezagunaz gogoratuko zarete:
Hori esanda, Dead Island 2k Gold fasea lortu du azkenik; hau da, bideojokoa guztiz bukatuta dago. RPG elementuak biltzen dituen lehen pertsonako tiro jokoa dugu: zonbiz betetako Los Angeles —ez, bigarrena ez da irla batean kokatuko— esploratzeari ekingo diogu, misio anitzak betetzen ditugun bitartean.
Lehenengo jokoarekin gertatu modura, kooperatiboa izango da DI2ren ezaugarri nagusietako bat: lau lagun batera ibil daitezke elkarlanean abentura osoa gainditzen.
Esan bezala, apirilaren 21etik aurrera goza ahalko dugu Dead Island 2z.
Iruzkinak