Zonbien saga umoretsu eta bereziaren itzulera iragarri du Capcom-ek. Plataformak eta argitaratze data zehaztu gabe utzi dituzte.
Ustekabean, eta aurkezpen handiak igarota, Capcomeko japoniarrek Dead Rising originalaren bertsio berria ezagutzera eman dute. Dead Rising: Deluxe Remaster izenarekin, Frank West kazetariarekin zonbien inbasioari aurre egitera eramango gaitu beste behin.
Izenburuan remaster hitza erabiltzen duten arren, remake edo berregitea izango dela ikus daiteke argitaratutako lehen aurrerapen bideoan. RE Engine garapen motorearekin egindakoa, gainera: Franken modeloa eta Willamette Parkview merkatal zentruaren urrutiko ikuspegia baino ez ditugu ikusten, baina hobekuntzak nabarmenak dira.
2006an kaleratutako obra originalaren pausoak jarraitzen baditu, 72 orduz biziraun beharko dugu aipatutako gunean. Jazotakoak argitzeko asmoarekin bertaratzen da Frank, eta bidean adiskideak egin zein erotutako bizilagunak aurkituko ditu.
Objektuak lortzea, bai armak, bai bizitza berreskuratzeko itemak, ezinbestekoa izango da; halere, denbora kudeatzen jakin beharko dugu, erlojua ez baita geldituko. Hiru egunak igarotakoan, jokoa bukatuko da, nahiz eta gure helburuak lortu gabe geratu. Ez badugu lortzen, hasieratik ekin beharko diogu abenturari, birjokagarritasun elementu berezia inplementatuz.
Premisa interesgarri honetatik abiatuta ahaztuta utzi duten frankizia arrakastatsua eratzea lortu zuten Capcomekoek. DR 1 eta 2 maitatuen ondoren —zein hauen HD birmasterizazioak—, hirugarren eta laugarren atal makalagoak kaleratu zituzten: 2017an estreinatutako DR4 da, berregitea iritsi arte behintzat, sagako azken titulua.
Dead Rising: Deluxe Remaster ez dauka argitaratze datarik. Plataformak ere zehaztu gabe utzi dituzte japoniarrek, baina RE Enginekin lortutako atal grafikoaren kalitatea ikusita, egungo belaunaldiko gailuetan merkaturatuko dutela suposa daiteke.
Iruzkinak