Frank West kazetaria Willamette-ra itzuliko da zonbie eraberrituen inbasioari aurre egiteko: grafikoak zein jokagarritasuna aldatuko dituzte.
Dead Rising originalaren berregitea ezagutu genuen pasa den astean. Capcom Next: Summer 2024 aurkezpenean, baina, argitaratze data eta lehen trailerra jaso ditugu: irailaren 19an estreinatuko da Dead Rising Deluxe Remaster.
Berriz aipatu behar dugu birmasterizazio azpititulu hori ez dela zuzenena: RE Engine garapen motorea erabilita goitik behera berregindako titulua prestatzen dabiltza japoniarrak. Are gehiago nabarmentzen da argitaratutako bideoan; izan ere, originalarekin alderatzen dute, pertsonaiek nahiz guneek jasandako aldaketak erakutsita.
Jokoaren protagonista nagusia izango den Willamette Parkview Mall merkatal zentru erraldoiak inoiz baino itxura hobea dauka: saltoki, jatetxe, korridore zein plaza zeharo zaharberrituak ageri dira. Plazer hutsa izango da beste behin Frank West kazetariarekin hauetatik aurrera eta atzera aritzea.
Atal estetikoak ez ezik, jokagarritasunak ere berrikuntza esanguratsuak jasoko dituela dirudi. Adibidez, mugitzen ari garela apuntatzeko eta tirokatzeko aukera edukiko dugu orain. Biltzen ditugun armen eta objektuen iraunkortasuna inbentario menutik ikustea ere ahalbidetuko digute.
Partidak automatikoki gordeko zaizkigu berregitean: ahaztu komunetara edo eserlekuetara jo behar izateaz. Gainera, merkatal zentrutik sakabanatuta bizirik dirauten pertsonek hobetutako adimen artifiziala erakutsiko dute. Orokorrean, jokoaz are gehiago gozatzeko balioko duten aldaketa txiki baina interesgarriak.
Dead Rising Deluxe Remasterren argitalpena bi txandatan banatuko dute Capcomekoek. Hasteko, irailaren 19tik aurrera digitalki eskuratu ahalko da PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan. Edizio berezi desberdinak egongo dira, denetariko azalak eta itxurak eskainita.
Bukatzeko, edizio fisikoa ere edukiko du berregiteak: azaroan merkaturatuko dute.
Iruzkinak