EA Motive prestatzen ari da 2008an Visceral Games-ek kaleratutako beldurrezko joko ezagunaren zaharberritzea.
Isaac Clark ingeniaria hainbat urtez ahaztuta utzi du Electronic Arts-ek, baina Dead Space sagaren jarraitzaileek pozik egoteko arrazoiak dauzkate. Uztailean burututako EA Play Live ekimenean ezagutzera eman zuten lehen bideo-jokoaren remakea, eta orain Motiveko garatzaileek beldurrezko obraren lehen irudiak zabaldu dituzte zer nolako itxura duen agerian jartzeko.
Ia ordubeteko iraupeneko zuzenekoa egin zuten arduradunek remakean orain arte egindako lana erakusteko. Bertan atal grafikoa ezagutzera emateaz gain jatorrizko obrarekin edukiko dituen aldaketak eta berritasunak nabarmendu zituzten.
EAren Frostbite motor grafiko ezaguna erabilita berregin dute Isaac Clarken abentura. Atal grafiko eraberritua hasiera batean ikusita ez du ematen aldaketa handirik egongo denik, baina garatzaileek lehen bideo-jokoaren irudiekin alderatu dute remakea eraldaketa nabarmena dagoela erakusteko.
Lan originalaren indarguneetako bat argiztapena izan zen, eta argi geratu da remakean hori zaintzeko lanean ari direla. Gauza bera gertatzen da jokoaren arerio beldurgarriekin. Necromorph zitalak inoiz baino xehetasun gehiagorekin azalduko dira joko berrian. Aipagarria da haragia, hezurrak eta erraiak banatzeko eratu duten sistema: odol mailak gorantz egingo du Dead Space honetan.
Jarraipenetan Isaacek Gunner Wright aktorearen ahotsa edukitzen zuen, baina lehen jokoan protagonista mutua zen. Remakean hori aldatu egingo dute, eta Wright berriz itzuliko da ingeniari ahotsa jartzeko. Halere, Motivekoek argi dute jatorrizko abenturaren girotzea mantendu nahi dutela, eta beraz Isaacek une zehatz batzuetan baino ez du hitzik egingo.
Dead Spacek ez du argitaratze datarik jaso oraindik. Plataformak, ordea, baieztatuta daude: PC-an eta PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan kaleratuko du EAk.
Iruzkinak