Isaac Clarke ingeniaria USG Ishimura espazio ontzi beldurgarrira itzuliko da datorren urtarrilean. EA Motive da remake-aren arduraduna.
Dead Spacen berregitea orain urtebete baino gehiago aurkeztu zen. Ordutik hona askotariko bideoak eta trailerrak prestatu dituzte Electronic Arts-ekoek honen garapenaren berri emateko. Hala ere, benetako lehen jokagarritasun bideoa orain aurkeztu dute: USG Ishimura espazio ontziak inoizko itxurarik onena dauka… edo txarrena, ikuspegiaren arabera.
Ontziko kokaleku desberdinak azkar batean ikusita, argi dago EA Motive estudioa fideltasun osoz prestatutako remakean lan egiten ari dela. Jatorrizko jokoaren girotzea eta estetika guztiz errespetatuz, atal tekniko aparta erakusten du Dead Space berriak.
Argiztapena nabarmentzekoa da, esaterako. Joko originalean sekulako lana egin zuten Visceral Games-eko kideek; Motivekoek gauza bera egingo dutela ikus daiteke. Horrekin batera, pertsonaien modeloak zein kokalekuak xehetasunez betetakoak dira.
Berregitea izanik, Isaac Clarke ingeniariaren rola hartuko dugu berriro. Ontzira bere bikotekidearen bila abiatuko da, honen komunikazio guztiak eten ondoren. Bertara heldu bezain laster damutuko da, ordea: munstro beldurgarriz betetako tokia dela ikusiko dugu azkar batean.
Hauek akatzeko modu bakarra beren gorputz adarrak moztea izango da. Horretarako, arma mordoa, telekinesis botereak eta askoz gehiago izango ditugu eskura.
Dead Space Remake 2023ko urtarrilaren 27an kaleratuko da. Plataformei dagokienez, egungo belaunaldirako esklusiboa izango da: PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan argitaratuko du EAk.
Iruzkinak