MOBA estiloko tiro jokoan aldaketa handiak, berritasunak eta hobekuntzak inplementatzen jarraitzen dute. Behin betiko bertsioak argitaratze datarik gabe jarraitzen du.

Valvek Deadlock eguneratzen eta gaurkotzen jarraitzen du. Alfa bertsioak Old Gods, New Blood adabakia jaso du, hainbat ezaugarri gehituta.

Street Brawl deitutako modalitatearekin hasi dira garatzaileak. Partida motzagoak eta bizkorragoak proposatzen ditu, jokalarien eskakizunei jaramon eginez. Lau jokalariko bi talde jartzen ditu elkarren kontra, saltokiko erosketak arinagoak dira —ausazko objektuen sortak eros daitezke bakarrik— eta partida bakoitzean baliabide kopuru berarekin hasten dira heroiak.

Talde bakoitzaren patron buruzagiak ere osorik zaharberritu dituzte gaurkotzearekin: bakoitzak bere baseak, soldaduak eta defentsa abileziak dakartza, diseinu zein aurkezpen berriekin.

Horiei sei heroi gaineratu behar zaizkie: Silver, Rem, Graves, Apollo, Celeste eta Venator kontrolatu ahalko ditugu, berezko diseinuekin eta abileziekin. Urtarrilaren 26tik aurrera hasiko dira jokoan azaltzen. Bi heroi estreinatuko dituzte astero: ordena jokalariek ezarriko dute boto bidez. Lehena ezagutu dugu jadanik: Rem katu lotia.

Interfaze aldaketak eta hobekuntzak, partida amaierako pantaila zaharberritua, aukeren pantailaren diseinu berria eta mapako gune zehatzen txukunketak ere aipatzen dira prentsa oharrean. Askoz gehiago dakar eguneratzeak, baina: arerioen adimen artifizialean hobekuntzak, musika, ahots eta efektu berriak, hobekuntza grafikoak, aldaketa orokorrak… eguneratze erraldoia prestatu dute.

 

Alfa bertsio itxia… edo ez

Aurretiazko sarbidean, eta, are gehiago, oraindik ofizialki iragarrita egon ez arren, milaka jokalari biltzen dituen MOBA erako hirugarren pertsonako tiro jokoa da Steam-en arduradunena.

Nola? Alfa bertsiorako kodeak banatuta. Jokoa eskuratzen duen erabiltzaile bakoitzak nahi beste lagun gonbida ditzake bideojokora; horrela, Deadlocken foroetan ehundaka pertsona ibiltzen dira kodeak eskatzen zein banatzen.

Une honetan 38 heroi —eguneratze berriarekin gehituko dituztenak barne—, mapa bakarra eta 172 objektu biltzen ditu bideojokoak. Deadlockek ez dauka 1.0 bertsiorako kaleratze datarik oraingoz. PCan joka dezakegu Steam plataformaren bitartez.