Emakume baten bizipenak aurkeztuko ditu. Switch 2an estreinatuko da udan.
Taisuke Kanasaki garatzaileak eta Arc System Works argitaletxeak Dear me, I was aurkeztu dute. Hotel Dusk zein Another Code saga maitatuen arduradunak narratiba sakoneko nobela bisuala kaleratuko du.
Aurkezpen bideoan girotze japoniarra edukiko duela ikus daiteke; zehazki, emakume baten bizitza osoa biziko dugu bideojokoan zehar. Haurtzarotik helduarora, protagonistaren harremanak, jarduerak eta bestelako ekintzak gidatuko ditugu: “Poztasuna, atsekabea eta hazkundea senti itzazu bere bizitza umilaren eta arruntaren bidez”, diote prentsa oharrean.
Atal estetikoa ere nabarmentzen dute arduradunek. Kanasakiren ohiko akuarela estiloko grafiko koloretsuak zein biziak errotoskopia teknologiarekin batu dituzte oraingoan, animazio estilo benetan berezia eratuta.
Switch 2 berriko erabiltzaileek soilik gozatu ahalko dute, oraingoz, Kanasaki maisuaren joko berriaz. Pentsa baino gutxiago itxaron beharko dute, gainera: Dear me, I was udan merkaturatuko du ArcSys taldeak.
Iruzkinak