PlayStation 5-erako kaleratuko du Kojima Productions taldeak esklusiboki. Irailaren 24an estreinatuko dute, era guztietako hobekuntza eta eduki berriekin.
Bideo-jokoen industria jarraitzen duten guztiek ezagutzen dute Hideo Kojima garatzaile japoniarra. Metal Gear Solid frankiziaren sortzaile nagusiak 2019an kaleratu zuen bere azken lana, Death Stranding. Konami-rengatik aldendun ostean egindako lehen bideo-jokoaren behin betiko bertsioa prestatzen ari da orain, Director’s Cut izenpean: Kojimak propio editatutako trailer berezia jaso du orain abentura jokoak.
Jatorrizko jokoaz gozatu zutenek ondo ezagutuko dituzten seigarren suntsipena eta zatitutako mundua aipatzen ditu trailerrak. Abenturako irudi mordoa erakusten dituen bitartean, hauen inguruan ezer gutxi esaten du bertan Kojimak, beraz Death Strandingera jokatu ez duten horiek erakartzeko apropos egindakoa dela esan daiteke.
Aktore ezagunen sekulako zerrenda biltzen du abenturak. Norman Reedus protagonista lanetan egoteaz gain Lea Seydoux, Mads Mikkelsen, Margaret Qualley aktoreek edota Guillermo del Toro zuzendariak antzeztutako pertsonaiak ezagutuko dituzte jokalariek Death Strandingen.
Woodkid musikagilearen Goliath abestiarekin batera azaltzen diren irudietan PlayStation 5erako bertsio honekin egindako hobekuntza teknikoak nabari dira, hori bai.
Istorioaren aldetik berritasunak agindu dituzte garatzaileek: obra originalean agertzen ez ziren kapituluetara jokatu ahalko da Director’s Cut honetan. Gidoian jazotakoak argitzeko edo nahasteko balioko duten ikustea geratzen da orain. Metal Gear Solidi egindako erreferentziak ere espero dira horietan.
Bestelako edukiak ere gehituko dituzte gainera. Armak frogatzeko gunea edukiko dute jokalariek, baina baita lasterketetan parte hartzeko zirkuitu bereziak ere.
Death Stranding Director’s Cut irailaren 24an kaleratuko da PlayStation 5erako.
Iruzkinak