Hideo Kojimaren azken lana Steamen eta Epic Game Storen estreinatuko da egun berean. Hainbat gehigarri berezi ekarriko ditu PCko jokalarientzat.

Playstation 4an argitaratu ondoren, Death Strandingen PCko bertsioaren argitaratze data iragarri du 505 Gamesek: Steam eta Epic Game Store saltokiek ekainaren 2an jasoko dute Kojima Productionsen bideojokoa.

PCko bertsioak frame tasa handia, argazkiak ateratzeko menua eta monitore zabalentzako aukerak edukiko ditu.

Horrez gain, Hideo Kojimaren lana PCn erosten dutenek hainbat eduki berezi jasoko dituztela iragarri dute argitaratzaileek trailer baten bidez: soinu bandaren eta arte liburuaren bertsio digitalekin batera hainbat gehigarri estetiko edukiko ditu bertsio berriak.

Erosketa argitaratze data baino lehen egiten dutenek are eduki estetiko gehiago jasoko dituzte. Trailerrean, gainera, Valven Half-Life bideojoko sagatik ateratako objektuak ikusi daitezke: Headcrab txanoa, HL: Alyxeko eskularruak edota Valven balbula famatua dira, esaterako, Sam Bridges protagonistak jantzi ahalko dituen elementuak.