Hilketak burutzeko jokalarien sormena bultzatu nahi dutela diote arduradunek. Irailaren 14an kaleratuko da PlayStation 5-ean eta PC-an.
Berandutzeak eta geroratzeak baino ez ditu jasan Arkane Studiosekoek hurrengo lan desiratuak, baina hala ere askotariko aurkezpen eta ekitaldi handietan agertu da Deathloop azken hilabeteetan. Azken aldiz PlayStation-ek antolatutako State of Play ekimen digitalean azaldu da bere jostagarritasuna beste batez erakusteko: oraingoan 10 minutu inguruko aurrerapena eskaini dute arduradunek.
Blackreef irla bisitatuko dute jokalariek Colt misteriotsuaren kontrola hartuta. Denbora bukle batean harrapatuta egongo da protagonista: hiltzen den bakoitzean hasierara itzuliko da. Bukletik ihes egiteko Visionaries taldeko zortzi kideak akatu beharko ditu partida bakar batean. Hori lortzea ez da erraza izango baina: arerioen ibilbideak eta jarrerak ezagutzea ezinbestekoa izango da, eta hala ere denetariko oztopoak aurkituko ditu Coltek.
Horien artean esanguratsuena Julianna izango da. Asasino hau jokoaren adimen artifizialak edota beste jokalari batek kontrolatuko du, eta bere helburu bakarra Colt ehizatzea da kokaleku guztiak arakatuta. Protagonista hiltzerakoan honek hainbat ahalmen berezi mantenduko ditu, eta gainera Visionaries etsaien inguruan bildutako informazioa gordeko du. Hori horrela, buklea behin eta berriro hasi arren partida bakoitzean aurrera egitea lortuko dute jokalariek.
Akzioa eta isilpean aritzea batuko ditu Deathloopek, Dishonored sagan ikusitako botere sorta mantenduta. Ahalmen horiek jokalariek sormena bultzatzeko balioko dutela adierazi du Dinga Bakaba zuzendariak: teleportatzea, etsaiak airean jaurtitzea eta gehiago egin dezake Coltek.
Deathloop PlayStation 5eko abentura esklusiboa izango da kontsoletan; PCan ere argitaratuko dute Arkanekoek. Hainbat atzerapen eduki ondoren, irailaren 14an merkaturatzea aurreikusten dute.
Iruzkinak