1959. urtera bidaiatuko dugu Winston Green mezulariaren bizipenak jarraitzeko. “Laster” estreinatuko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.
Deliver At All Costs interesgarria aurkeztu du Konami argitaletxe japoniarrak. Far Out Games estudio suediarraren lehen jokoak Grand Theft Auto originalen ikuspegi isometrikoa eta askatasuna bereganatuko ditu eztanden eta suntsipenaren artean.
AEBetan ariko gara, 1959. urtean, hain zuzen ere. Winston Green izeneko mezularian bilakatuko gara: karga ez ohikoa garraiatzea eta banatzea da iragan misteriotsua eta nortasun bizia dituen protagonistaren ogibidea.
Kamioiak edo autoak gidatzen ibiliko gara gure lana betetzeko, besteak beste. Ez ditugu, baina, bidaia lasaiak biziko: denetariko oztopoak eta jazoerak ikusiko ditugu gure abenturetan. Poliziarengandik ihes egiteaz gain, lur jausiak, suziriak edo meteoritoak ageri dira iragarpen bideoan.
Garraiatu beharrekoak ere ez dira objektu arruntak izango: flotatzeko balioko diguten puxiketatik hasita, ezpata arrainak nahiz bonba nuklearrak eramatea da gure lana.
Gidatzeaz gain, ibilgailuetatik irten eta oinez aritzeko aukera ere edukiko dugula dirudi. Dena den, suntsipena nabarmentzekoa da: eraikinak zeharo eraitsi ditzakegu gure abenturetan, itxuraz fisika sistema aipagarriarekin.
Proposamen interesgarria bezain berezia berpizten ari dela dirudien Konamiren aldetik, hortaz. Deliver At All Costsek ez dauka argitaratze datarik oraingoz, baina egileek “laster” kaleratzeko asmoa agertu dute. Plataformei dagokienez, ordeganailuetan jolastu ahalko dugu, baita PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan ere.
Iruzkinak