Toby Fox egileak azken sei urteetan egindakoak erakusteko “gogotsu” dagoela dio. Aurreko bi atalak doan joka daitezke.

Deltarune 2025ean ikusiko dugu berriro. Datorren urterako jokoaren hirugarren eta laugarren kapituluak prest egongo direla adierazi du Toby Fox Undertalen garatzaileak sare sozialen bidez.

Jokoaren seigarren urteurrenean aditzera eman du berria: “Azken sei urteetan egindakoa erakusteko gogotsu nabil”, dio, bi atal berriak “% 100ean 2025ean kaleratuko direla” aldarrikatuz.

Deltarune Undertalen jarraipena eta spin-off abentura dela esan daiteke. Lehen atala 2018an argitaratu ondoren, bigarrena 2021ean jaso genuen. Laster iritsiko diren bi kapitulu berriak ez dira azkenak izango, ordea: ez bada aldaketarik egon plangintzan, zazpi ataletan banatuko du Foxek Deltarunen istorioa.

Zalantza asko daude oraindik, noski, eta asko prezioaren ingurukoak dira; izan ere, lehen bi atalak guztiz doan eskura ditzakegu. 3 eta 4 kapituluak ordainpekoak izango zirela agindu zuen egileak bere garaian… baina gauza bera esan zuen aurrekoengatik.

PCan —Steam eta Itch.io bidez— zein PlayStation eta Switch kontsoletan joka dezakegu Deltarunen. Estetikoki Undertalen oso antzekoa bada ere, hainbat aldaketa proposatzen dizkigu bere mekaniketan: nabarmenena, abentura taldekideekin batera bizitzea.

Bestela, umorez betetako istorio zoroa, esploratzeko gune anitzak, pertsonaia bitxiak eta hizketaldi are bereziagoak biziko ditugu Foxen bideojokoan.

Deltarunen 3 eta 4 atalak datorren urtean estreinatuko dira, hortaz, PC, Switch eta PlayStation plataformetan. Bitartean, 1 eta 2 kapituluak doan goza ditzakegu.