Toby Fox garatzaileak sortutako Undertale arrakastatsuaren jarraipena da. Lehenengo kapitulura doan jokatu daiteke.
Undertale bikainaren seigarren urteurrena ospatu zuten atzo Toby Foxek eta RPG berezi honen jarraitzaileek. Horretarako garatzaileak ustekabeko berezia prestatu zuen Fangamer-ekin egindako aurkezpenean: Deltarune abenturaren bigarren kapitulua dagoeneko prest dago, eta bihar bertan kaleratuko du Windows eta Mac sistema eragileak dituzten ordenagailuetan.
Bere lehenengo jokoaren jarraipen zuzena den abenturaren lehen kapitulua doan estreinatu zuen 2018an, eta ondoren Switcheko zein PS4ko bertsioak prestatu zituen Foxek. Deltarune Chapter 2 deitutakoa ordainpekoa izango da, baina. 2020an hasi zuen honen garapena, eta irail honetan adierazi zuenez, oraindik ez zegoen ziur noizko bukatuko zuen.
Hori bai, bigarrena ez da azken kapitulua izango. Etorkizunean gehiago egongo direla baieztatu du Foxek, baina oraindik lan asko dutela dio. Bigarren kapitulua hurrengoen oinarri bezala erabili nahi du, eta horren ondorioz hurrengo atalak azkarrago prestatzea espero du estatubatuarrak.
Lantaldea handitzeko asmoa ere agertu prozesua bizkortzeko, baina horrek ez du zertan garapena azkartu behar, beraz aproposak izan daitezkeen garatzaileak soilik gehitu nahi ditu sortzaileak. Azken hilabetean 1.000 eskakizun inguru jaso dituela nabarmendu du bere webgunean.
Chapter 1-era jokatu zutenen gordetako partida automatikoki igaroko da bigarren atalera. Horretarako partida guztiz bukatuta egon behar da, partida kredituen ostean gordetzen baita. Gordetako partida hori galduta izanez gero ez arduratzeko dio Foxek, arazorik gabe jokatu daitekeelako bigarren kapitulura, “gertatutakoak gogoratzen badituzu behintzat”.
Esan bezala, Deltarunen lehen kapitulura doan jokatu daiteke PC, Mac, PS4 eta Switch plataformetan; ordenagailuentzako bertsioa webgune ofizialetik jaitsi daiteke. Bigarren kapitulua hauentzako argitaratuko da bihar, baina PS4ko eta Switcheko bertsioak etorkizunean argitaratuko ditu.
Iruzkinak