Silksong saihesteko hartutako erabakia da: irailaren 3an kaleratu behar zen. Persona kutsudun TRPG abentura proposatuko digute Necrosoft indie taldekoek.
Demonschool indie titulua geroratuko du Ysbryd Games argitaletxeak. Azaroaren 19an argitaratuko da azkenik RPG abentura taktikoa.
Jokoa kaleratzeko egun gutxi batzuk geratzen zirenean hartu dute erabakia: jatorriz irailaren 3an merkaturatzeko asmoa zeukaten Ysbrydkoek zein Necrosoft estudioko egileek. Aldaketa, garatzaileek diotenez, argitaletxearen esku egon da, eta beste indie batengandik urruntzeko egin dute; izan ere, Hollow Knight: Silksongen ustekabeko argitalpenarengandik ihes egin gura izan dute.
Ez da jokoa atzeratzen duten lehen aldia: iazko irailean argitaratzeko asmoa zeukaten, bideoarekin eta guzti data baieztatuta, baina, azkenik, denbora gehiago behar izan dute garapena bukatutzat jotzeko.
Zorionez, Ysbryd banatzaileak bi hilabete gehigarriak finantzatuko dizkio Necrosofti. Jokoa txukuntzeko denbora gehiago edukita, kaleratu osterako aurreikusita zeukaten adabakiak edo eguneratzeak ekiditeko aukera daukatela diote arduradunek.
Ez da antzeko bidea hartzen duen lehen obra independentea: “Indie jokoen GTA” dela diote Necrosoftekoek, eta, horren ondorioz, Aeterna Lucis, Baby Steps, Little Witch in the Hoods zein Clover Pit bezalako tituluek beste kaleratze data bat ezarri dute, besteak beste —hainbat kasutan albistearen eta oihartzunaren bila joango ziren, noski—.
Demonschool da, alabaina, Silksongi aurre egiteko gai den bakarretarikoa. TRPG jokoak begirada ugari erakarri ditu azken hilabeteotan aurkezpen zein demo landuei esker, baita bogan dagoen proposamenarekin ere: Final Fantasy Tactics edo Shin Megami Tensei: Persona klasikoak uztartzen dituen titulu itxurosoa da.
Personetan egin antzeran, eguneroko bizitzan aurrera egin behar duen ikasle taldea gidatuko dugu: klasera joatea, ikastea eta harremanak kudeatzea izango dira gure helburuetako batzuk. Horiekin batera deabruen armada misteriotsuari aurre egin beharko diogu, ordea, gure abileziak hobetzeko borroka taktikoetan parte hartuta. Guztia lotzeko epemugak egongo direnez, egunean egitekoak guk geuk hautatu beharko ditugu, ordainsari edo helburu desberdinak bideratuta.
Dueluetan denbora atzera egiteko aukera daukate pertsonaiek dueluetako planeatze fasean: birbobinatzekoa, alegia. Honekin batera konbo hilgarriak prestatuko ditugu deabruak txanda bakarrean akabatzeko. Narratiba sakonaz gozatu ahalko dugu, beldur eta gore ukitu nabarmenekin; bukatzeko, minijoko eta erronka txiki mordoa agintzen dituzte egileek.
Demonschool PCan eta Nintendo zein PlayStation kontsoletan estreinatuko da azaroaren 19an.
Iruzkinak