Japonia errail gainean zeharkatuko dugu ikuskizunetan zein etsai nagusi erraldoien aurkako borroketan parte hartzeko. PCan eta kontsoletan estreinatuko da.

Undercoders estudio bartzelonarra Nintendo Indie World aurkezpenetik igaro da Denshattack! dibertigarriaren kaleratze data —katalanez— zehaztera: ekainaren 17an merkaturatuko dute.

Trenak, trikimailuak, Japoniako eskualde koloretsuak, anime estetika eta borroka ikusgarriak elkartzen ditu Denshattackek. Laburbiltzeko, tren gaineko Tony Hawk edo Jet Set Radio dela esan dezakegu, baina askoz gehiago biltzen du Bartzelonako taldearen lanak.

Miraidō erakunde zitalaren aurkako bidaiari ekingo dio Emi gazteak, Denshattackerrik onena izateko ametsarekin: hau da, tren gaineko skaterrik trebeena bilakatu nahian. Japonia osoa zeharkatuko du horretarako, hegoaldeko Kyushu irlatik hasita, iparraldeko Hokkaido irlarainoko bidea egiteko.

Maila arruntetan, trikimailuen bidez ahalik eta puntuaziorik altuena lortzea izango da erronka: gure tren bizkorra jauziak, derrapeak eta era guztietako mugimenduak egiteko gai da. Zirkuitu itxi baina zabaletan, errailen artean saltoka, oztopoak saihesten eta ekintza bereziak aktibatzen ariko gara Emirekin.

Denshattack ez da horretara mugatuko, baina: zenbait maila berezi agintzen dituzte katalanek, buruzagi erraldoien aurkako borrokekin eta guzti. Noria edo drone gaineko bidaiak eta bestelakoak ere ikusi ditugu partekatu dituzten bideoetan. Bakarka jokatzeko abentura bada ere, sareko puntuazio taulekin gure lorpenak argitaratzeko aukera edukiko dugu.

Trenak, gainera, txukuntzeko eta hobetzeko aukerak desblokeatzen joango gara, gure izen ona eta ospea areagotu ahala. Ibilgailu desberdinen artean aukeratuko dugu, bakoitza bere indarguneekin, eta hauek nahi bezala pertsonalizatuko ditugu.

Aipatutako THPS edo JSR klasikoen zaleak pozik uzteko moduko obra da, beraz, Undercodersen Denshattack. Ekainaren 17an PCan eta PlayStation 5, Switch 2 zein Xbox Series kontsoletan argitaratuko dute; gainera, ordenagailuetan zein Switchean demoa probatzeko aukera daukagu oraintxe bertan.