Lapurreta digitalen aurka egiteko sistema orain gutxi gehitu zioten PCko bertsioari. id Softwarek eta Bethesdak kexa gogorrak jasan dituzte jokalarien aldetik.
Doom Eternalen PCko bertsioaren jokalarien kexen aurrean, id Softwarek eta Bethesdak Denuvo Anti-Cheat kopia digitalak ekiditeko sistema ezabatzea erabaki dute. Pasa den astean kaleratutako lehen eguneraketa handian gehitu zuten DRMa, segurtasun arazoak eta akats teknikoak sortuz.
Hori dela eta, Steameko jokalariek plataformako analisien atalean Doom Eternal gaitzestu dute, %59ko kritika negatiboak edukitzera heldu arte.
Marty Stratton bideojokoaren ekoizle exekutiboaren arabera Denuvo jokoaren Battlemode izeneko multiplayer atala tranpatiengandik babesteko ezarri dute. “Buruan asmorik zintzoenak” izan arren, garatzaileek argi dute “jokalariek emandako erantzuna ikusita Denuvoren erabilpena berriz planteatu behar dutela”.
1.1 eguneratzean Anti-Cheat sistema jokotik ezabatuko dutela agindu du id Softwarek. Halere ikusteko dago berriz gehituko duten: “Doom Eternal eta Anti-Cheaten etorkizuna aztertzen dugun bitartean, DRMa ezin dugu ezarri jokalari bakarrarentzako joko motak erabiltzen dituztenentzako”. Beraz, etorkizunean multiplayerrerako soilik ezartzeko aukera dago.
Akats teknikoei dagokienez, garatzaileek bideojokoaren memoria erabilpenagatik izan dela zehaztu dute. “Erabiltzaile askok errendimendu arazoak Anti-Cheaten ondorioz gertatzen izan direla uste dute. Ez da horrela”, azaldu du Strattonek redditen. Arazoak VRAMari dagokion kode aldaketen ondorioz gertatu direla argitu du, eta horiek konpontzeko lanean ari direla gehitu.
Iruzkinak