Crypto estralurtarraren suntsipena mundu osora hedatuko da oraingoan. Lehen bideo-jokoaren zaharberritzean ere lan egin zuten estudiokoek.

Destroy All Humans! 2 – Reprobed iragarri du THQ Nordic-ek Black Forest garatzailearekin elkarlanean. 2006an PlayStation 2-an zein jatorrizko Xbox-ean estreinatutako abenturaren remakea izango da, jatorrizko ezaugarriak eta mekanikak mantenduta itxura guztiz berria ematen zaion bitartean.

Hori horrela Crypto estralurtarraren kontrola hartuko dute berriz jokalariek gizadia suntsitzeko helburuarekin. Era guztietako armak eta botere bereziak edukiko ditu horretarako. Ustekabekoak ere egongo dira, iragarpena egiteko prestatu duten trailer zinematiko ikusgarrian agertzen den bezala.

Rammstein talde alemanaren musikak Amerikako Estatu Batuak behin eta berriz aipatzen ditu, baina oraingoan Cryptok mundu osotik zehar bidaiatuko du bere jomugak betetzeko: Erresuma Batua edota Errusia izango dira estralurtarrak bisitatuko dituen herrialdeetako batzuk, San Frantziskon kaosa sortzeaz gain.

Remake honek desagertu zen Pandemic Studios-ek garatutako jatorrizko jokoaren aldean berritasun gutxi edukiko dituela dirudi. Atal teknikoa guztiz eraberritu dute, baina lehen jokoarekin egin antzeran Black Forestekoek ez dute bestelako ezaugarririk prestatu; ez da misio ez kokaleku berririk egongo. Antzeran jokatu zuten iaz kaleratutako lehen jokoaren remakearekin.

Halere dibertsioa ziurtatua dago Cryptorekin: arma berrien artean jendea dantzan jartzeko tresna dago, esaterako. Gailu aproposa, bideo-jokoa 60ko hamarkadan girotuta baitago.

2022an PC, PlayStation 5 zein Xbox Series plataformetan kaleratzeko asmoa du THQ Nordicek Destroy All Humans! 2 – Reprobed hau.