Lucid Gamesek garatutako joko zoroa otsaileko PS Plus zerbitzuaren baitan egongo da.
Autoak, kolpeak eta estadio erraldoiak batzen dituen Destruction AllStars gaur kaleratu da, eta aldez aurretik jokoaren inguruko ezer gutxi aipatu dutenez, State of Play aurkezpen berezi batekin edukiko dituen ezaugarri eta berezitasun guztiak azaltzeko aprobetxatu dute.
Hamasei pertsonaien edo All-Starren artean aukeratuko dute jokalariek. Bakoitzak bere ahalmen propioak edukitzeaz gain ibilgailu berezia ere izango dute. Munduan zehar banatutako askotariko estadioetan lehiatuko dira hauekin: bakoitzak bere berezitasunak eskainiko ditu tornadoak
Hiru ibilgailu mota orokor gidatu ahalko dira Lucid Gamesek garatutako jokoan. Itxura desberdina edukiko dute, baina horien artean erabakitzeko ezaugarri propioak ezagutu beharko dira: abiadura, bizkortasun eta pisu mailak egongo dira. Horren ondorioz ibilgailu bakoitza xede desberdin bat betetzeko aproposa izango da.
Pertsonaiak ibilgailuetatik irtetzeko aukera edukiko dute, horien artean aldatuz egin beharren arabera. Izan ere, helburuak beteta edo beste autoak suntsituta heroi bakoitzak bere ahalmen berezia eta autoa erabili ahal izateko barra kargatuko du. Lupita pertsonaiaren autoak, esate baterako, suzko arrastoa sortuko du beste ibilgailuei erasotzeko; gauza bera egin dezake Lupitak lasterka doanean.
Hero Mode egoera aktibatzerakoan, pertsonaia guztiek jauzi bikoitza egin eta azkarrago lasterkan egin dezakete. Era guztietako mugimendu akrobatikoekin ibiliko dira estadioetatik jauzi eginez, hormetatik lasterka eginda eta etsaiak saihestuta; arerioak gidatzen ari diren ibilgailuak lapurtzeko mugimenduak ere egongo dira.
Jokalari guztientzako partida motak
Lau joko mota desberdinetan jokatuko dute parte hartzaileek Destruction AllStars argitaratzerakoan: Mayhem, Carnado, Stockpile eta Gridfall. Carnadon beste autoak suntsitu eta horien piezak eskuratzea izango da helburua: puntuak lortzeko estadioaren erdian dagoen tornadoaren aurka bota beharko dira jokalariak. Gridfall ohiko deathmatch bat izango da, berezitasun batekin: estadioko lurzorua desagertuz joango da partidak aurrera egin ahala.
Nola ez, pertsonaientzako eta ibilgailuentzako aldaketa estetikoak eskuratuko dituzte jokalariek. Bi txanpon desberdin egongo dira horretarako: AllStars txanponak partidak jokatuta eskuratuko dira, eta Destruction txanponak PlayStation Storean erosi beharko dira. Halere, desblokeatu daitezkeen elementuak estetikoak direla azpimarratu dute garatzaileek, eta ez dute partidetan erabiltzeko onurarik gaineratuko.
Online multijokalarian aritzeko jokoa da Destruction AllStars, baina jokalari bakarrarentzako erronkak ere izango ditu. Horietan helburu desberdinak bete eta azkenean aukeratutako pertsonaiaren lehiakidearen aurkako borroka batean parte hartuko dute jokalariek.
Eguneraketak ere aipatu dituzte aurkezpenean. Etorkizunean joko mota, pertsonaia eta eduki berri gehiago gehituko dituztela agindu dute garatzaileek.
Destruction AllStars gaur argitaratu da PlayStation 5erako. Sonyk aurrerago adierazi bezala, PlayStation Plus zerbitzuaren harpidedunek doan eskuratuko dute. Lucid Gamesen jokoarekin batera Control: Ultimate Edition eta Concrete Genie bideo-jokoak jasoko dituzte erabiltzaileek.
Iruzkinak