Eidos Montreal estudioaren proiektua iragarri gabe zegoen, eta aurten sartu behar zen ekoizpenean, bi urtez prestatzen ibili ondoren.
Embracer Group AB erraldoi suediarra Deus Ex saga maitatuaren atal berria prestatzen zebilen, baina proiektua bertan behera geratu da. Ez hori bakarrik, Eidos Montreal estudioko 97 langile kalera bota ditu taldeak.
Albistea Jason Schreier kazetari ezagunak argitara eman du Bloomberg agerkarian. Dioenez, oraindik ofizialki iragarri gabeko Deus Ex bi urtez ibili dira prestatzen Eidoskoak, eta aurten ekoizpen osoan abiatzeko asmoa zeukaten, anonimotasuna mantendu nahi izan duten langileek adierazi diotenez.
Eidostik sare sozialen bidez argitaratutako adierazpenetan “mundu mailako testuinguru ekonomikoa, industriako erronkak eta Embracerrek iragarritako berregituraketa handia” aipatzen dira kaleratzeen zergatitzat.
Embracerrek 2022an erosi zuen Eidos Montreal, Crystal Dynamics eta Square Enix Montreal taldeekin batera, 300.000 milioi dolarren truke. Ordutik hona Deus Ex berriaren zurrumurruak entzun ditugu, baina ez zegoen adierazpen ofizialik.
Frankizia osoak hamalau milioi joko saldu ditu 2000. urtean Warren Spector eta Harvey Smith egileek Ion Storm taldearekin abiatu zutenetik. 2011n berrabiaratzea jaso zuen Eidosek garatutako Human Revolution prekuela sarituarekin.
Kaleratzeek, azken egunetan aipatzen gabiltzan bezala, kutsu larria bereganatzen dabiltza bideojokoen industrian. 2024. urteko lehen hilabete honetan 5.700 langile kaleratu direla kalkulatzen da: aurretik Xbox, Riot Games, Thunderful edo Unity enpresen lantaldeetako sortzaileak kanporatu dituzte.
Iruzkinak