Kontsoletara eta PCra itzuliko da JC Denton. Aspyr taldea arduratuko da Ion Storm estudioaren maisulana eraberritzeaz.

Deus Ex Remastered aurkeztu Aspyr enpresak State of Play zuzenekoan. 2000. urteko immersive sim maitatua birmasterizatuta jokatu ahalko da otsailaren 5etik aurrera.

Jokoaren 25. urteurrena ospatzeko atal grafikoa berriztu eta txukundu dute, modelo, testura, efektu eta argiztapen berriak inplementatuz, hasteko. Bizitza kalitate hobekuntzak ere aipatzen dira prentsa oharrean: murriztutako karga denborak, partidak automatikoki gordetzeko aukera, plataforma arteko gordetako partidak edo lorpenak zerrendatu dituzte arduradunek.

Aginteentzako kontrol eskemarekin jokatuko dute hasiberriek zein beteranoek, gainera. Menu erradialak eta armaz aldatzeko erraztasunak agintzen dituzte: originalak kontsoletako bertsioak eduki zituen bere garaian, baina ez ziren txukunenak izan.

Aspyrrek, bestalde, birmasterizazioen zerrenda luzea dauka atzean, baina asko arazoekin argitaratutakoak dira: Star Wars: Battlefront Classic Collection, Tomb Raider I–III Remastered edo Legacy of Kain: Soul Reaver 1 & 2 Remastered prestatzeaz arduratu dira, besteak beste.

State of Play emanaldiaren ondoren ezagutzera eman dutenez, JC Denton protagonistaren abenturen bertsio berria PCan zein PlayStation 5, Xbox Series eta Switch kontsoletan merkaturatuko dute.

2052. urtean kokatuko gaitu Deus Exen istorioak. JC Denton izango gara: nano hobekuntzak jaso dituen UNATCO erakundeko agente berezia. Konspirazioak argituko ditugu mundu osoan zehar, kokaleku erdi irekiak nahi bezala esploratuz, erabakiak hartuz eta gure abileziak zein ekipamendua hobetzeko indartzaileak batuz. Bideojokoen industriako maisulanen artean aurkitzen da Ion Storm: sekulako askatasuna zein garairako istorio sakona eta heldua eskaintzen zituen.

2026ko otsailaren 5ean estreinatuko da Deus Ex Remastered kontsoletan eta PCan.

 

Mod handiak obra maitatuarentzat

Birmasterizazioak nola funtzionatzen duen ikusi arte, gogoratu zaleek ikaragarrizko lana egin dutela originalarekin.

GMDX, Deus Ex Revision, Deus Ex: Transcended eta beste hainbat mod edo eraldatze ditugu: kasu batzuetan, aldaketa eta zuzenketa txikiak gehitzen dituzte, jokoaren esperientzia originala gehiegi aldatu gabe; beste batzuetan, eraberritze handiak ikusiko ditugu.

Revision, esaterako, Steam bidez deskarga dezakegu zuzenean. GMDX, bestalde, GOG saltokiaren mod zerrendan aurkitzen da.