Urtero bezala, umorez eta egoera barregarriz betetako aurkezpen berezia egin dute joko independenteen argitaletxekoek.

Devolver Marketing Countdown to Marketing. Hori izan da gaur gauerdian Devolverrekoek egindako aurkezpen handiaren izenburua. Argi dagoenez, ez da serio hartzeko izena; gauza bera gertatzen da prestatutako ikus entzunezkoarekin. Komedia, bideojokoen erreferentzia mordoa eta Suda51 garatzaile japoniarra telebista batetik hitz egiten —ez da txantxa, ez— ikusi ditugu goizaldean.

Ohitura denez, aurkezpen motza egin zuten garatzaile independenteei beren jokoak zabaltzen laguntzen dieten argitaletxeak: 25 bat minututan bukatu zuten ekimena. Huskeria hutsa Summer Game Festaren bi orduekin alderatuta.

Hala eta guztiz ere, urtero bezala egun hauetan iragartzen diren titulu interesgarrienetakoak agertu ziren bertan. Lau bideojoko bakarrik ikusi ditugu, baina guztiak aipatzekoak dira. Goazen hori egitera.

Cult of the Lamb

Bideojokoen gaurkotasuna jarraitzen baduzu, Massive Monster prestatzen ari den lana behin eta berriz ikusiko zenuen azken asteotan. Ez da harritzekoa: datozen egunotan argitaratzen den indie lanik interesgarrienetakoa izanik, hainbat aurkezpen handitan egotea lortu du.

Trailer berriarekin jokoaren ezaugarri guztiak errepasatu dituzte Devolverrekoek: sekta baten burua den ardia izanik, jarraitzaileak lortzea izango da zure helburu nagusia. Horrez gain, ekipamendua zein baliabideak lortu, herrixka handitu eta erritual ilunetan parte hartuko duzu. Bai.

  • Plataformak: PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch, PC
  • Generoa: Biziraupena, roguelike
  • Garatzailea:  Massive Monster
  • Argitaratze data: 2022-08-11

 

Anger Foot

7DFPS Game Jam ekimenean jaiotako obra hobetzen eta handitzen ari dira Free Lives estudioko kideak. Trailerrean argi ikus daitekeenez, tiroak eta ostikoak izango dira ardatza: Hotline Miami eta SuperHot bikainen arteko ezkontza dela diote askok, eta arrazoia dutela esan behar dugu.

Game Jameko lehen bertsio hori oraindik doan jaitsi daiteke garatzailearen itch.io webgunetik. Bideoan ikusitakoak erakarri egin bazaitu, jokatzeak merezi du.

  • Plataformak: PC
  • Generoa: Lehen pertsonako tiro jokoa, akzioa
  • Garatzailea: Free Lives
  • Argitaratze data: 2023

 

The Plucky Squire

Ikusitakoen artetik gehien erakarri didana, zalantzarik gabe. Umeentzako ipuinak —literalki— Zelda, Punch Out eta beste hainbat bi dimentsiotako klasikorekin batzen dituela dirudi… protagonista liburutik atera eta hiru dimentsioko mundu ikusgarrira igarotzen den unera arte.

Bi atalek ikaragarrizko itxura daukate; hortaz, plataformak, akzioa eta minijoko desberdinak batzen dituen proiektuaren aurrean gaude.

  • Plataformak: PS5, Xbox Series, Switch, PC
  • Generoa: Abentura
  • Garatzailea: All Possible Futures
  • Argitaratze data: 2023

 

Skate Story

Maitemintzea lortu didan beste iragarpenetako bat. Skate joko berezi honetan kristalez eta minez egindako izaki baten rola hartuko dugu. Patinete gainean doala haustea benetan erraza izango da; azpimundua zeharkatu beharko duenez, are errazagoa.

Atal estetiko zoragarriarekin, trailerra ikustekoa da.

  • Plataformak: PC
  • Generoa: Skate
  • Garatzailea: Sam Ang
  • Argitaratze data: 2023

Devolver Marketing Countdown to Marketing aurkezpen osoa ikusi nahi baduzu, jarraian daukazu bideoa. Merezi du, benetan: