Skate Story, Stick it to the Stickman eta Baby Steps 2025ean merkaturatuko dituztela adierazi dute Devolver Delayed aurkezpenean.
Devolver Digital indie bideojokoen argitaletxe ezagunak geroratzeak ezagutzera eman ditu. Zehazki, hiru bideojoko datorren urtean estreinatuko dituela jakinarazi du Devolver Delayed aurkezpenean.
Ohi bezala, umorez betetako bideoa prestatu dute berandutzeentzat: sari banaketaren girotzearekin, atzeratutako jokoak gala berezian aurkeztu dira.
Lehena, eta ziurrenik desiratuena, Skate Story da. 2025era berandutu dute Sam Eng garatzailearen titulu ederra. Kristalez eta minez eratutako infernutik ihes egin behar duen deabruan bilakatuko gara. Gure helburua: ilargia eskuratzea. Ez da geroratzen duten lehen aldia: 2023an estreinatzeko asmoa zeukaten, eta iaz 2024ra mugitu zuten. Ordenagailuetan jasoko dugu, hasiera batean, behintzat.
Bigarrena, Stick it to the Stickman dugu. Terra Nil zein Anger Foot sortu dituen Free Lives estudioaren joko berria ere 2025ean jasoko dugula diote Devolverretik. Roguelike borroka honetan enpresako bulegoetatik ihes egitea izango da gure helburua. Bidean lankideekin eta nagusiekin borrokan ariko gara, eraso eta abilezia desberdinak desblokeatuz. PCrako esklusiboa izango da, baita.
Bukatzeko, hainbat aurkezpenetan erakutsitako Baby Steps ere 2025era doala adierazi dute argitaletxekoek. Gabe Cuzzillo, Matt Boch eta Bennett Foddy indie garatzaile ezagunek elkarlanean prestatzen dabiltzan plataforma eta walking simulator arteko abentura da: mugitzea izango da erronkarik handiena, haurtxoen moduen ibiliko baikara. Azken hau ere PCan estreinatzeko asmoa daukate.
Iruzkinak