Bideo-joko independenteen argitaletxeko langileek jarraitzen dute akzio gehiengodunak izaten. Devolverrek Dodge Roll, Nerial eta FireFly Studios garatzaileak erosi ditu.
Londresko balore burtsaren baitan kotizatzen hasi da Devolver Digital indie jokoen argitaletxea. Sony Interactive Entertainment–ek banatzailearen % 5 bereganatu du, GamesIndustry agerkariak jakitera eman duenez.
Sonyrekin batera, NetEase txinatarrak % 8 erosi duela adierazten dute artikuluan. Hori horrela, burtsara ateratearren Devolverrek 261 milioi dolarreko etekinak lortu ditu, azkenik 950 milioi dolarreko balioa eskuratzeko. Halere, enpresako langileak dira akzio gehiengodunak.
200 bat langile ditu Devolverrek mundu osoan zehar, baina laster zenbaki hori areagotu egingo da. Douglas Morin Devolver Digitaleko arduradun nagusiak dioenez, mugimendu honek “hazkundea ziurtatzeko eta are bideo-joko zoragarri gehiago bultzatzeko” balioko die.
Izan ere, dagoeneko hasi dira horretan jarduten: hiru estudio erosi dituzte Devolverrekoek. Horiek Enter the Gungeon bikainaren Dodge Roll garatzailea, Stronghold frankiziaren FireFly Studios arduradunak eta Reigns jokoak prestatu dituzten Nerial dira. Aurretik estudio hauen lanak banatzeaz arduratu izan dira, baina orain elkarlanean garatuko dituzte hurrengo bideo-jokoak.
Azken hilabeteetan Death’s Door, Inscryption, Boomerang X, Phantom Abyss eta gehiago kaleratu ditu argitaletxeak. Etorkizunera begira, hamabost bideo-joko inguru prestatzen ari dira une honetan estudio desberdinekin batera: horien artean daude Shadow Warrior 3 edota Trek to Yomi interesgarriak.
Iruzkinak