Urtero bezala, umorez betetako aurkezpen motza egin dute indie argitaletxekoek: Volvi maskotaren “itzuleran” ardaztu dira oraingoan.

Devolver Digital udako hitzordurako itzuli da. Devolver Direct 2023an garatzaile independenteen bideojokoak bildu dituzte berriro: normalean baino eskaintza zabalagoa eduki dute oraingoan, The Talos Principle 2, Hellboy Web of Wyrd, Sludge Life 2, Wizard with a Gun edo Human Fall Flat 2 bezalako lanekin.

Umorea izan da nagusi indien aurkezpen handian. Volvi deitutako maskotaren “itzulera” iragarri dute; ez da ez, benetako maskota, baina Devolverren bideojokorik ezagunenei keinu egiteko balio izan die. Has gaitezen Devolverrek datozen hilabeteotan argitaratuko dituen lanak ezagutzen.

 

The Cosmic Wheel Sisterhood

Nobela bisualarekin hasi dute aurkezpena Devolverrekoek. Nintendo Switch zein PC plataformetan estreinatuko da aurten Deconstructeam talde espainiarraren lan berria: aztikeriak eta kartak batuko ditu erabakiekin.

 

SLUDGE LIFE 2

Sludge Lifen ezagututako mundu retro underground-a bueltan da bigarren atalarekin. Atal grafiko sinple baina xarmagarria, graffitiak eta pertsonaia bereziak uztartuko ditu hilabete bukaeran, ekainaren 27anordenagailuetan kaleratuko den tituluak. Demoa argitaratu dute, gainera.

 

KarmaZoo

Puzzleak, animaliak, elkarlana eta pixelart estetika minimalista dira KarmaZoo bitxiaren ardatzak. Trailer zoragarriarekin eromena nagusi izango dela ikus daiteke: munduko gainerako jokalariekin batera harremanak sortuko ditugula nabarmentzen dute Pastagames-ekoek. Kontsoletan eta PCan argitaratuko da, baina ez dauka datarik.

 

Hellboy Web of Wyrd

Mike Mignola komikigilearen Hellboy pertsonaia ezagunak bideojoko berria jasoko du laster. Ez dakit nire kasua zen, baina Telltale-koen antzeko abentura grafikoa espero nuen; ez dirudi horrela izango denik Web of Wyrden, roguelike mekanikadun borrokak ikusiko ditugula ematen baitu. Hau ere kontsoletan eta ordenagailuetan jokatu ahalko dugu, baina ez dakigu noiz.

 

Wizard with a Gun

Hainbat aldiz erakutsi dute Wizard with a Gun —iazko udan, esaterako— Devolverrekoek; ez da harritzekoa, indie titulurik interesgarrienetakoa baita. Oraingoan askotariko jokagarritasun irudiak erakutsi dituzte: tiroketetan parte hartzeko, baliabideak lortzen zein kudeatzen eta mundu magikoa esploratzen ibiliko gara, bakarka nahiz lagunekin. Guztia Don’t Starve edo Cult of the Lamb bezalako jokoak gogora ekarrita. Aurten iritsiko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetara.

 

The Talos Principle 2

Croteam-ekoen puzzle joko zoragarriak bigarren atala edukiko duela ezagutu genuen orain egun batzuk; jokagarritasun bideoa ikusteko unea iritsi da orain. Aurrekoaren antzeko proposamena izango dugu: elkarrekin konektatutako puzzle irudimentsuak gainditzen ariko gara lehen pertsonako ikuspegiarekin. Aurten jasoko dugu PS5 zein Xbox Series kontsoletan eta PCan.

 

Baby Steps

Bennet Foddy —bai, Getting Over It ezagunaren sortzailea— Gabe Cuzillo-rekin eta Maxi Boch-ekin batu da mailuaren jokoarekin antzekotasun handiak dituen titulua eratzeko. Baby Steps-en kontrol zakarrekin borrokan ibiliko gara pertsona bat mundu zabaletik gidatzeko. QWOP, aurrekontu handiagoarekin. Datorren urterako aurreikusita dago: PS5erako eta PCrako aurkeztu dute.

 

Human Fall Flat 2

Aurrekoaren antzeko ideia jarraitzen du Devolverrekoek erakutsitako azken jokoak: eduki sortzaileen artean nahiko ezaguna egin zen Human Fall Flaten jarraipenak puzzleak, fisika errealistak eta kontrol traketsak bilduko ditu laster. Ez dakigu noiz helduko den, baina plataforma nagusietan probatu ahalko dugu.