Azken finantza txostenean enpresaren hurrengo proiektuak zehaztu dituzte. Jen Oneal egungo kozuzendariak lanpostua utzi du.
Activision Blizzardek arazoekin jarraitzen du. Azken finantza txostenean ezagutzera eman dutenez, datorren urtetik 2023ra geroratu dituzte Diablo 4 eta Overwatch 2.
“Industriako jokorik desiratuenetakoak dira bi hauek, eta gure taldeek aurrerapen handiak egin dituzte azken hiruhilabetean”, adierazi dute bilera batean, Gamesindustry agerkariak nabarmendu duenez. “Halere, argitalpenaren aurretik uste dugu gure taldeei ekoizpena bukatzeko denbora gehiago eskaintzea eta sormen baliabideak indartzea titulu hauek hainbat urtez komunitatearentzako erakargarriak eta gustagarriak izatea bermatuko duela”.
Erabakiak “datorren urterako aurreikusitako igoera finantzarioan eragingo duela” nabarmendu dute Activision Blizzardekoek, baina “langileentzako, jokalarientzako eta frankizien epe luzerako arrakastarako erabaki zuzena” dela diote. Izan ere, berandutzeak iragarri eta jarraian enpresaren stock-ak % 10 jaitsi da burtsan.
Finantzekin jarraituta, txostenak urtetik urterako % 6ko hazkundea ezagutzera eman du enpresan. Candy Crush ezagunari esker lortutako mozkinak nabarmentzekoak dira, % 22 hobetu baitira. Activision Blizzarden beste frankizia arrakastatsuenak, baina, behera egin du: Call of Duty da enpresaren produkturik errentagarriena, baina aurreko urtearekin alderatuta irabazi garbiak % 17 jaitsi dira. Halere, jokalarien kopuruak gora egin du; urtetik urterako % 7ko hazkundea ikusi dute, 119 milioi jokalariko langa gaindituta.
Bobby Kotick presidentea pozik agertuko da lortutako emaitzekin, “aurreikuspenak gainditu dituztela” nabarmenduta. Gainera, urriaren 10ean estreinatuko duten Call of Duty: Vanguard azpimarratu du, horrekin mozkinek gora egingo dutela aipatuta.
Txostena Activision Blizzardek egun bizi duen egoera gogorraren baitan argitaratu dute enpresakoek. Diskriminazioa eta sexu jazarpena egotzi zizkion enpresari Kaliforniako enplegu departamentuak, eta horren ondorioz Kotickek hainbat aldaketa iragarri ditu enpresan.
Ondorio gehiago azaleratu ditu egoera honek. Jean Oneal kozuzendariak bere lanpostua utzi duela iragarri dute txostenaren argitalpenarekin. Onealek orain hiru hilabete hartu zuen kargua, eta ez du bere etorkizunari inguruko xehetasun handirik eman.
Iruzkinak