Bizitza kalitateko aldaketa ugari prestatu ditu Blizzard-ek. Steam plataformara ere iritsi da 2021eko birmasterizazioa.

Diablo II: Resurrected birmasterizazioak eduki gehigarri berriak jaso ditu. Reign of the Warlock deitutako espantsioarekin aztia (warlock) kontrolatzeko aukera eta bestelako ezaugarriak ikusiko dituzte jokalariek.

Blizzardek bere 35. urteurrenaren iragarpenen artean aurkeztu du klasikoaren DLCa. Izan ere, ekimenen artean, Diablo frankiziaren 30. urtebetetzeari lotutako zuzeneko emanaldi berezia eskaini da, ARPG jokoen berritasunak eskainita.

Aztia bere kabuz boteretsua bada ere, deabruak kontrolatzean eta hauen indarrak xurgatzean datza bere indargune nagusia. Horrela, munstroak inbokatzen ariko da borroketan laguntza jasotzeko. Hiru bide desberdin hauta ditzakegu aztiarekin: deabrua, eldritch-a eta kaosa, bakoitza bere berezitasunekin.

Orain arte Diablo IIn ikusi gabeko ezaugarriak ere iritsi dira eguneratzearekin: kontsumitzeko objektu berriez gain, istorioko atal edo kapitulu desberdinak ikaratuta (terrorized) egotea hauta dezakete jokalariek, zailtasuna zein ordainsariak areagotuta. Infernuko nagusiak akabatuta, estatua bereziak eskuratuko ditugu: guztiekin, buruzagi berriaren kontra borrokatuko gara.

Gainera, bizitza kalitate hobekuntzak ere aipatzen dituzte egileek. Objektuak eta altxorrak kudeatzeari begira inplementatu dituzte, gehienbat: iragazkiak, erlaitzak zein kroniken sistema nabarmentzen dira; azkenak erronkak eta desafioak proposatuko ditu altxorren bilaketan.

Diablo II: Resurrected 2021ean estreinatu zen, atal grafikoa zein edukiak eguneratuz eta txukunduz, baina oinarrizko mekanikak eta jokagarritasuna mantenduz.

Reign of Warlock espantsioa bakarka eros dezakete dagoeneko Diablo II: Resurrecteden erabiltzaileek; horrez gain, eduki guztiak biltzen dituen Diablo II: Resurrected – Infernal Edition argitaratu du Blizzardek. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch kontsoletan eskura daiteke; PCan, aurretik kaleratutako Battle.net bertsioarekin batera estreinatu da, lehenengoz, Steam plataforman.

 

Diablo IV eta Immortal gaurkotuz

Bigarren jokoa izar nagusia izan bada ere, gainerako tituluentzako berritasunak ere aurkeztu dira Diabloren urteurreneko ekitaldian.

Hasteko, Diablo IVk Lord of Hatred izeneko espantsio handia jasoko du apirilaren 28an. Bi pertsonaia mota berri gehituko ditu. Aztia berriz ikusiko dugu DLCarekin batera; berarekin batera, paladin pertsonaia mota iritsiko da laugarren titulura.

Mephisto deabruaren aurkako borrokak Skovos lurraldean jarraituko du eduki gehigarrian: pertsonaia, etsai, kokaleku eta misio berriak batuko ditu. Gainera, joko bukaerarako (endgame) berritasunak eta sistemak proposatuko dira espantsioan.

Bukatzeko, mugikorretarako Diablo Immortal doako tituluak ere aztia ikusiko du uda honetan.