Ordenagailuetako bertsioa beta irekian kaleratuko dute egun horretan. Doako akziozko MMORPG abentura izango da.
Activision Blizzard-ek Diablo Immortalen argitaratze data zehaztu du: ekainaren 2an kaleratuko dute. Orain arte Android eta iOS gailu mugikorretarako iragarria —gogora dezagun bere aurkezpenean sortutako polemika—, azkenik PCra ere iritsiko dela baieztatu dute arduradunek.
Plataforma arteko jokoarekin estreinatuko da gainera: Androideko, iOSeko eta PCko jokalariek elkarrekin jokatu ahalko dute inolako mugarik gabe; ez hori bakarrik, egindako jarraipenak plataforma batetik bestera igaroko dira. Hori bai, ekainaren 2an merkaturatuko den PCko bertsioa beta irekia izango da oraindik; hala ere, oinarrizko ezaugarri guztiak edukiko dituela azpimarratu dute Blizzardetik.
BlizzCon 2018 ekimenean iragarri zuten doako akziozko MMORPG jokoa da Diablo Immortal. Bigarren eta hirugarren atalen artean jazotakoen istorioa kontatzeko bidea izango da. Ohiko pertsonai motak ikusiko ditugu bertan: Barbaroa, Gurutzatua, Deabru ehiztaria, Monjea, Nekromantea eta Sorgina. Hauetako bat aukeratuta, lagunekin edo bakarka mota guztietako etsaiei aurre egin beharko diegu.
PvP jokoa ere egongo dela diote garatzaileek: hilezinen buruzagian bilakatzeko borroka erraldoietan parte har dezakegu beste jokalarien aurka eginez. Hori lortuta, baina, beste 30 jokalari arteko taldeen aurka egin beharko dugula aurreratzen dute.
Orain arteko Diablorik handiena izango dela aipatzen da: kokaleku eta etsai gehien batuko dituen abentura izango da Immortal.
Esan bezala, ekainaren 2an argitaratuko da Diablo Immortal Android, iOS eta PC plataformetan.
Iruzkinak