DigimonCon 2025 jaialdia ospatu dute. Aurten estreinatuko da egungo belaunaldiko plataformetan.
Bandai Namco argitaletxeak Digimon Story Time Stranger JRPGaren berritasunak eskaini ditu. 450 munstro digitalen mugarria gaindituko dute jokoarekin; ez hori bakarrik, hauen erasoetako batzuk aurkeztu dituzte egileek.
DigimonCon 2025 jaialdiko iragarpenetako bat izan da, anime film zein telesail berrien eta bestelakoen artean. Time Stranger bere aldetik, Digimon Story jokoen azpisagako atal berria da: txandakako borrokak, esplorazioa eta munstroen harrapatzea —zein fusioa— proposatzen dizkigu.
ADAMAS izeneko erakunde misteriotsuko agentean bilakatuko gara oraingoan. Tokion Digimonak aurkitu ondoren, denboran atzera egingo dugu beraiekin batera. Diotenez, iraganak eta etorkizunak pisu handia edukiko dute gidoian: Story jokoek narratiba sakona eduki ohi dutela aipatu beharra dago.
Mundu errealeko Shinjuku eta Akihabara auzoguneetatik ibiliko gara; mundu digitalean, bestalde, Illiad izeneko hiria ezagutuko dugu. Olympos XII digimon taldeak babesten du.
Abentura hasterakoan hiru izaki digitalen artean hautatuko dugu: oraingoan Patamon, DemiDevimon eta Gomamon ezagunak proposatuko dizkigute lehen borrokak bizitzeko. Pokémon sagan egin modura, are piztia gehiago harrapatuko ditugu, ondoren hauekin txandakako borroketan parte hartu, eta mailaz igotzeko. Digieboluzioak, fusioak eta askoz mekanika gehiago biltzen ditu Time Strangerrek.
Stingmon, Etemon, Gallantmon, Renamon eta aurpegi ezagun gehiago ikusiko ditugu, bakoitza bere animazioekin, estatistikekin zein mugimenduekin. Alderatzearren, Digimon Story: Cyber Sleuth-ek 250 digimon biltzen zituen; Digimon Story: Hacker’s Memory-k, 330.
2025ean jasoko dugu Digimon Story Time Stranger bere 450 munstro digitalekin. Oraindik ez dakigu data zehatza, baina PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan eskuratu ahalko da.
Iruzkinak