450 munstro digital baino gehiago lortuko ditugu JRPG erako txandakako borroketan parte hartzeko PS5, Xbox Series eta PC plataformetan.

Digimon Story: Time Stranger urriaren 3an argitaratuko dela iragarri du Bandai Namco argitaletxeak. JRPG abenturak mundu digitala eta gaur egungo Tokio hiria elkartuko ditu.

Bideo berrian istorioko kokalekuak eta gune desberdinak erakutsi dizkigute, baita ezagutuko ditugun pertsonaiak ere. Shibuya edo Akihabara bisitatuko ditugu, adibidez; mundu digitalean, berriz, Illiad izango da toki nagusia.

Noski, munstro digitalek berezibiko garrantzia izango dute: 450 digimon baino gehiago ikusiko ditugu Time Strangerren. Abentura hasterakoan Patamon, DemiDevimon eta Gomamon artean aukeratuko dugu, baina, hortik aurrera izaki mitikoak zein ezezagunak aurkituko ditugu. Hauek bereganatzeari ekingo diogu, ondoren, digieboluzioekin eta fusioekin izaki berriak sortzeko.

Orain arteko Digimon bideojokorik handiena izango da, itxura batean Time Stranger: Digimon Story azpisagako atal berriak JRPG mekanikak eta txandakako borrokak ditu ardatz, guztia istorio sakonarekin batuta. ADAMAS izeneko erakundeko agentean bilakatuko gara: suntsitutako Tokion Digimonak aurkitu ondoren, denboran atzera egingo dugu etorkizuna zuzentzeko helburuarekin.

Urriaren 3an PlayStation 5, Xbox Series eta PC plataformetan merkaturatuko da Digimon Story: Time Stranger.