Txandakako borrokak eta nobela bisuala batuko ditu ohikoa baino istorio helduagoa kontatzeko. Oraindik ez dauka argitaratze datarik.

Bandai Namco eta Hyde estudioak beren Digimon Survive desiratuaren bideoa erakutsi dute Digimon Con azokan. Bertan abenturako protagonistak eta beraiekin egongo diren munstro digitalak ezagutzeko aukera dugu.

Survive 2019an estreinatu behar zen proiektua da. Ikustekoa da ez dela horrela izan: hainbat atzerapen jasan ditu frankiziaren zaleek gogotsu jarraitzen duten obra honek. Japoniako azokan izan da Kazumasa Habu ekoizlea bideojokoari buruzko xehetasun gehiago eskaintzeko.

Ekoizlearen hitzetan, Digimon Survive sagaren zaleak ohituta daudenera baino “helduagoa eta ilunagoa” izango da; alabaina, hainbat gai sakon eta gogor landuko ditu. Aditzera eman duenez, munstro ezagunak protagonisten zati bezala agertuko dira jokoan: modu horretara, norberari edo beste batzuei min emateko arloak azaleratu nahi dituzte. “Animearen edo frankiziako beste lan batzuen zalea bazara, egoera desatseginekin topo egingo duzu. Kontuan hartu, mesedez”, azaldu du Habuk.

Estetika eta trailerretako giroa ikusita nabarmena da aldaketa hori. Protagonista helduagoak eta bideo goibel baina ederrak ikusten ibili gara jokoa iragarri zenetik. Mekanika aldetik proposatuko duena berezia izango da baita: txandakako borroka taktikoak nobela bisualaren elementuekin bateratuko ditu Survivek. Kapitulu desberdinetan banatuko da, eta gure Digimonen indarra eta digieboluzionatzeko ahalmena gure erabakiei eta hitzei lotuta egongo da, besteak beste.

40 bat orduko iraupena edukiko duela aurreratu dute garatzaileek Digimon Conean; ez hori bakarrik, hiru ibilbide nagusi izango ditu: moralitatea, harmonia eta haserrea. Entzundakoekin, modu batera Atlus estudioaren Persona JRPG saga famatuaren pausoak jarraituko dituen lanaren aurrean gaudela dirudi.

Garapen prozesuan hainbat aldaketa eta arazo eduki ditu bideojokoak: hasiera batean Witchcraft estudioak garatua, orain Hyden eskuetara pasa da.

“Taldeen aldaketa honek lanaren zati handi bat berregitera eraman gaitu, berandutzeak eraginda. Ziurgabetasunak eragin ditu baita, eta horregatik proiektuari buruzko aurrerapenak eskaintzea ekiditu nahi izan dugu, aurreikusitakoa baino denbora gehiago eskatzen ari baita”, adierazi du ekoizleak.

2022an kaleratuko dutela adierazi zuen Habuk orain hilabete batzuk. Hala ere, oraindik ez dute argitaratze data guztiz zehaztu.