Munstro digitalak, txandakako borroka estrategikoak eta nobela bisuala bilduko ditu Bandai Namco-ren obra desiratuak PC-an eta kontsoletan.
Digimon Survive interesgarriak hainbat oztopo eta arazo izan ditu bere garapenean, baina azkenik argitaratzeko prest dago: uztailaren 29an kaleratuko dela jakitera eman du Bandai Namco garatzaile japoniarrak.
Eguna aurretik V-Jump aldizkarian azaldu bazen ere, Kazumasa Habu ekoizleak egin ditu adierazpen ofizialak. PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetara helduko da munstro digital ezagunen unibertsoan girotutako joko berria. Datozen hilabeteetan albiste gehiago eskainiko dituztela azpimarratu du Habuk bideo batean:
Orain arte Digimon frankiziarentzat ezezagunak ziren generoak nahastuta etorriko da. Alde batetik, nobela bisualaren ezaugarriak dituen mekanikak ikusiko ditugu: kokaleku desberdinak esploratu eta adiskideekin, etsaiekin zein, nola ez, Digimonekin hitz egin beharko dugu. Gure erabakiek istorioan pisua edukiko dute, ondorio positiboekin nahiz negatiboekin.
Bestetik, akzioa txandakako borroken forma edukiko duten estrategiazko partidetan biziko dugu. Digieboluzioak, eraso bereziak eta bestelako ohiko elementuak azalduko dira horietan. 100 bat Digimon lortu eta entrenatu ahalko dira: Agumon, Dracmon, Syakomon, Lopmon, Labramon edo Falcomon baieztatu dituzte oraingoz.
Guztira 40 ordu inguru iraungo dituen abentura izango dela diote garatzaileek. Istorioa, baina, frankiziako beste obra batzuetan agertutakoa baino “helduagoa eta ilunagoa” dela aurreratzen dute.
Bandai Namcok 2018. urtean iragarri zuen Survive, 2019an kaleratzeko asmoarekin. Ez bat, ez bi: guztira hiru atzerapen jasan ditu proiektuak. 2019tik 2020ra berandutu zuten; ostean, 2021ean argitaratuko zutela agindu zuten; azkenik, 2022a Surviven urtea izango dela esan daiteke.
Arestian aipatu bezala, Digimon Survive uztailaren 29an kaleratuko da PCan zein PS4, Xbox One eta Switch kontsoletan.
Iruzkinak